Gutun goxo eta mingotsak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 5a, 12:03

Euskara Batzordeak antolatzen duen Amodiozko Gutunen lehiaketako sariak banatu dira berriki.

 


Maite Arregi euskara teknikariak eta Maialen Abaigar euskara zinegotzi berriak gidatu zuten ekitaldia. Lehenik eta behin, eskerrak eman zituzten lehiaketan parte hartzeagatik. Iaz baino lan gutxiago aurkeztu zela azaldu zuen euskara teknikariak, “16 lan aurkeztu dira guztira. Aurreko urteetan baino gutxiago”. Parte hartzearen jaitsieran Aste Santuak eta azterketa garaiak eragin zutela ere gaineratu zuen. Karlos Linazasoro eta Juan Kruz Igerabidek osatu zuten epaimahaia eta lau sari banatu ziren guztira. Bergarako Roberto Izagirrek jaso zuen lehen saria “Non zaude” lanagatik. Eibarko Daniel Astarloarentzat izan zen bigarrena, “Lorea” gutunari esker. Villabonako onenaren saria Alexander Padillak eskuratu zuen bigarren urtez jarraian. “105. gela” izenburuko eskutitza aurkeztu zuen lehiaketara. Gazte onenaren saria, berriz, Oiartzungo Goiatz Labandibarrek jaso zuen, “Atotxako zubipetik” izeneko lanagatik.

Lehen bi sarituak
“Literatur lehiaketetan sarritan hartzen dut parte eta sari batzuk ere eskuratu izan ditut Bergaran, Ondarrun… Gisa honetako lan motzak idaztea gustatzen zait gehien, baina luzexeagoak ere idazten ditut tarteka”, azaldu zuen Roberto Izagirrek. “Non zaude” lanaren gaiagatik galdetuta, “Askapenako brigadista modura Kubara joan zen mutil batek urte batzuk geroago han ezagutu zuen neska bati idatzitako gutuna aurkeztu dut. Itxuraz bere helburuak lortu ditu, baina hutsik sentitzen da mutila”. Daniel Astarloa bigarren sarituak ere parte hartu izan du beste lehiaketetan eta jaso duen bigarren saria da Amasa-Villabonakoa. “Boteprontoan idatzi eta azken egunean bidali nuen gutuna lehiaketara. Gustura geratu nintzen lanarekin, baina sorpresa izan da saria”. Oso gutun laburra eta oso gai gogorrekoa zela azaldu zuen, “tipo batek barrote artetik idazten dio gutuna maite duen neskari, erasotu eta labankadaz josi ondoren. Lagunen batek maitasun gutuna ez dela esan dit. Nik baietz uste dut, nahiz eta tipo nazkagarri batek idatzitakoa izan”.

Herriko onena
Alex Padilla villabonatarrak iaz bi sari lortu zituen gutun berarekin. Aurten ere aurkeztu eta saria eskuratu du, “epea bukatzen zen egunean aurkeztu nuen gutuna. Larri ibili nintzen denborarekin, baina gustura nago emaitzarekin”. Gutunak ospitalean eri dagoen emakume baten eta bere sendagilearen arteko maitasun istorioa kontatzen du. “Bihotzekoak jotako emakumea hil ondoren, sendagileak gutuna idazten dio emakumeari; sekretupean gordetako maitasun istorioa azalduz”. Goiatz Labandibarrek Oiartzun aldera eraman zuen Gazte onenaren saria, “pare bat aldiz sari bera jaso izan dut Bergarako lehiaketan ere. Villabonara aurkeztu naizen lehen aldia da, baina badut lehiaketetan parte hartzeko ohitura”. Donostian kokatu du gutuna, Amara eta Egia artean, “Gitarra joz dirua biltzen duen mutil batek neska bati bere maitasuna erakusten dio gutunean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!