Eskualdean, nekazalturismoa da turistek oporrak igarotzeko duten aukera nagusia. Adunako Zabale da ireki zuten lehen nekazalturismoetako bat. Egunotan alemaniar talde bat egon da Zabalen. “Gaur dute azken eguna”, aipatu du Aloña Artza Zabaleko nagusiak. Jakes semearekin hartu gaitu, nekazalturismoa kokatuta dagoen natur ingurune paregabean. “Hemendik dagoen ikuspegia gustatzen zaie”, zehaztu du Artzak. Ez da harritzekoa, Zizurkil goia eta Villabonako haran osoa ikusten dira Zabaletik.
Garaietara egokitzen
Nekazalturismoak aldaketak izan ditu ireki zutenetik. “Hasieran hiru gela eta komun batekin ireki zen. 2002an ordea, gela bat kendu eta geratzen ziren bi gelak bakoitza bere komun eta egongelarekin jarri genituen. Horrez gain, lehen garajea zen lekuan sukalde txiki bat jarri genuen”. Aldaketa horrek eginda, egun, bi eratara har daiteke ostatu Zabalen. “Etxe osoa har daiteke, eta orduan guk ez dugu esku hartzen. Beste aukera berriz, gelaka hartzea da. Kasu horretan, gosaria eskaintzen dugu nahi duenarentzat”. Berrikuntza horiekin asmatu egin dutela uste du Artzak. “Gaur egun jende asko dago etxe osoa hartu nahi duena: beraien janaria prestatu nahi dutelako, euren gisara ibiltzeko... Eskaera handia da, guk obra egin ostean asko nabaritu dugu igoera”.
Hala ere, Aloñak berak onartzen du ez dagoela nekazalturismotik bizitzerik. “Hemen, gure inguruan ez dago honetatik bizitzerik. Ahal den ostatu handiena jarriz gero, hau da gela gehiago eta apartamentuak..., agian bai. Baina oro har, hemen inor ez da nekazalturismotik bizi”. Urteko aldi jakinetan egiten dute lan. “Uztaila, abuztua eta irailaren erdira arte ondo egiten da lan, eta gero zubiak direnean, sagardo garaian... Urtean zehar berriz, langileekin zortea baduzu, zerbait atera dezakezu”.
Kataluiniarrak eta familiak
Turista mota ez da asko aldatu azken urteetan. “Batez ere kataluiniarrak etortzen dira. Boladaka madrildarrak ere bai, aurten esaterako badira madrildarrak. Gehienbat ordea, kataluiniarrak hurbiltzen dira, eta asko familiak”. Atzerritarren kopurua berriz, pixkanaka gora doala uste du Artzak. “Agian atzerritar gehiago etortzen da orain. Internetek izan du zerikusia horretan”.
Turistak gure eskualdetik erakartzen dituena ez da natura edo gastronomia. “Jendeak Donostia bilatzen du. Deitu eta egiten dizuten lehen galdera Donostiatik zenbatera ote dagoen izaten da. Gero, egia da, etortzen direnean lasaitasuna eskertzen dutela, baina batez ere Donostiatik gertu egotea da nahi dutena”. Erakarpen horrek bultzata, jende ugari izango da uda honetan ere Zabalen. Zalantzarik gabe, Donostiatik gertu, natur ingurunean oporrak igarotzeko aukera bikaina dago.