Hogeita hamairu urte dira Juan Karlosek zentraleko ardura hartu zuenetik eta gauzak asko aldatu dira ordutik hona: “1987an makina guztiz berritu zen. Garai batean hiru turbina izaten ziren eta gaur egun berriz, bakarra. Hala ere, oraingo produkzioa ordukoa baino handiagoa da eta segurtasun aldetik ere, askoz ere hobeto dago gaur egungo instalakuntza. Lehen 350 Kw/orduko sortzen zituen eta orain 800 kw inguru, bikotza baino gehiago”.
1908an sortu zuten Bertxingo zentrala, beraz, hurrungo urtean mendea beteko du.
Venancio Genuak izan zuen lehendabiziko kudeaketa lanak egiteko ardura eta bi urteren ondoren, Ramon Elosegik hartu zuen: “Elosegirena omen zen zentral hau garai batean. Ategorrietara eramaten zuten hemengo argi-indarra, trolebusetarako. Pertxa bidez mugitzen ziren garai hartan trolebusak eta hemengo indarra erabiltzen zuten. Ondoren, Andoaingo Udalak erosi zuen, herriko argiztapenerako. Makina zaharrak zeuden garaian aita eta biok aritzen ginen hemen, baina makina berriarekin, ni bakarrik geratu naiz.
Gainerakoan, nire lana ez da asko aldatu. Mantenimendua egin, matxuren berri eman, kanalak nola dauden ikuskatu… Kanaletara zuhaitzen bat edo erortzen bada laguntza eskatu behar izaten dut hura garbitzeko. Lan handi horiek egiteko indarra behar izaten da eta horrelakoetan jende gehiagoren laguntza eskatzen dut”, azaldu du Juan Karlosek.
Goizeko zazpiak aldera hasten da Juan Karlosen laneguna: “Produkzioari begiratzea izaten da lehen egitekoa. Dena ondo dabilela ikusi eta ondoren, kanaletara joaten naiz begiratua egitera. Gainerakoan mantenimendua, pintaketa, garbiketa…, egun osoan zehar izaten dut zereginen bat. Jubilatu ondoren, Andoain herrira joango gara bizitzera, baina oraindik ez dakit noiz iritsiko den momentu hori”.
Juan Karlosek azaldu duenez, Leitzarango urak erabiltzen ditu Bertxingo zentralak: “Errekan gora, zentraletik lau bat kilometrora, presa bat dago. Ur emaria erregulatzeko balio du presa horrek. Urak presatik pasa ondoren, kanaletara iristen da. Lau bat kilometroko luzera du Bertxingo kanalak. Azken pausoa mendian behera datorren hodia da. Kanaletako ura handik behera jaisten da eta hortik zentraleko makinetara. 100 metroko luzera du hodiak eta 70 zmko diametroa. 2003an aldatu zuten hodia. Lehengo zaharra eskaileren azpitik pasatzen zen eta zaharkituta zegoen. Arazoak ematen zituen eta aldatzeko erabakia hartu zen”.
Bostehun eskailera
Bostehun eskailerak ondo ezagunak dira eskualde guztian zehar. “Egunero igo eta jaitsi izan ditut kanaletara joateko. Pare bat aldiz igoz gero, ohitu egiten zara eskailera horietara. Udazken partean beharrezkoagoa da kanalak ikustera joatea, hostoak erortzen direlako. Gainerakoan, animaliekin eta ez da arazo handirik izaten, gure kanala txikia delako. Gainera, irteera punturen bat ere prest dago eta animaliaren bat eroriz gero, ateratzeko aukera izaten da. Ardiak dira arazo gehien izaten duten animaliak, ilea busti ondoren pisuagatik ez dute igerian egiterik eta ito egiten dira. Urtean zehar eskilaren ingurua garbitzen eta txukuntzen ere aritzen naiz. Trentxikia martxan zegoenean eraiki omen zituzten eskailera hauek, kanaletara igo ahal izateko. Tren hartan ekarri zuten eskailerak egiteko behar zuten porlana. Bostehun eskailera izenez ezagutzen ditugu, baina zehazki 478 dira”, azaldu du Juan Karlosek.
Andoaingo Udalarena da Bertxingo zentrala. “Garai batean, herriko argiztapenerako erabiltzen zen zentralaren produkzioa, baina gaur egun berriz, Iberdrolari saltzen zaio. Hemengo zentral guztiek hala egiten dute. Gaur egun segurtasun handiagoa dago. Trumoiak jotzen zuenean beldurrak airean egoten ginen. Fusibleak erre eta makinetan matxurak izaten ziren garai batean. Orain hobeto jarrita dago”, dio Juan Karlosek.
Hogeita hamairu urteren buruan susto txikiren bat ere izan dute Bertxingo zentraleko kideek. Horregatik, 1983ko uholdeak ondo gogoan dituzte Juan Karlosek eta Maria Karmenek. “1983ko abuztuaren 26an izan zen uholdea izugarria izan zen. Lehengo makinaria txikitu egin zuen uholdeak. Zubiaren gainetik pasatzen zen ura. Horrelakoetan hemendik atera eta norbere burua salbatzea izaten da aukera bakarra. Geroztik ez dugu izan horrelako uholderik. 1997ko ekainaren 1ean hemen bertan euri asko egin zuen, ia 250 litro metro karratuko, baina ibaia ez zen asko hazi. Leitza inguruan ez zuen horrenbeste euririk egin eta horrek libratu gintuen”.
Leitzarango bihotzean
“Neguan jende gutxi etortzen da inguru hauetara, baina udaran bete egiten da. Bostehun eskailerak ondoan ditugu eta errekara, arrantza egitera, bainua hartzera edota buelta ematera jende asko etorri ohi da. Leitzaranek fama handia hartu du eta jende gehiago etortzen da orain garai batean baino. Bizikletaz Leitzara joaten dira eta Oteita parkean ere asko biltzen dira. Andoaindik ez ezik, inguruko herrietatik ere hurbiltzen dira. Zentralaren ondoan badugu bainurako aproposa den gune bat. Oso toki polita da eta geroz eta jende gehiagok ezagutzen du”. Oso ondo ezagutzen du Juan Karlosek Leitzaran ingurua: “Goitik behera ezagutzen dut. Bertan bizi naiz eta horrez gain, lanagatik, asko ibili naiz hor barrena. Oso polita da. Udan oso toki polita da hau, baina neguan triste xamarra ere bai. Hemen urria inguruan izkutatzen da eguzkia eta otsaila bukaera arte ez da eguzkirik sartzen. Izotz egun luzeak izaten dira inguru honetan. Hala ere, ohituta gaude eta negua, etorri den bezala joan egiten da. Beraz, aurrera!”.
Udako egun luzeak aprobetxatuz, ezagutu beharreko gunea da Bertxin zentralaren ingurua. Oinez edota bizikletaz bertaratu eta Leitzaran errekaren ur garbietan bainu freskoa hartzeko aukera paregabea eskaintzen du Bertxin inguruak. Juan Karlos eta Maria Karmen bertan izango dira solasaldirako prest.