Lehendakariaren kargua hartu berri duzu. Zer nolako ardurak izango dituzu kargu berrian?
Joxe Angel Huitzi Ulanga. Euskalduna ahalik eta ondoen ordezkatzea izango da ardura nagusiena. Hala ere, zuzendaritza batzordean 13 pertsona gaude eta denok dauzkagu gure egitekoak.
Lehen taldea Preferenten arituko da, gainera. Nola baloratzen duzu zuk igoera?
J.A.H. Igoera hau hiru urtetako prozesuaren emaitza da. Bat eginik dagoen eta ondo zuzendutako talde baten ilusioak merezi zuen saria izan da. Dena den, hau ez da gure taldeak izan duen arrakasta bakarra, kadeteak ere ohorezko mailara igo eta haur-kategoriako F8 taldeak Gipuzkoako kopa irabazi baitu.
Igoera ziurtatu zen partidan ikusleen artean zinen. Nola oroitzen dituzu une haiek: zaletuak, Euskaldunako gola, ondorengo ospakizuna...
J.A.H. Gogoan dut, noski, Berion izan zen Muniberen aurka eta O-2 irabazi genuen. Andoaindar gazte asko joan zen partida ikustera. Urduritasun handiarekin jokatutako partida izan zen.
Zure aurrekoen lana baloratzeko garaian, zein alor nabarmenduko zenituzke?
J.A.H. Zerbait azpimarratzekotan, gazte talde batek, gehienek lehen taldean jokatzen zuten jokalariek, egindako lan bikaina azpimarratuko nuke; izan ere, egoera konplexuan hartu zuten Euskalduna eta Joserra Bengoetxea buru zutela, taldea bere bidera ekartzen jakin zuten.
Kargu berrian, zeintzu dira zuen erronka nagusiak?
J.A.H. Kirol arloari dagokionez, Preferenteko mailari eustea. Hala ere, ondo dakigu, %80etan igotzen dena hurrengo denboraldian jaitsi egiten dela; eta hurrengo denboraldian lau talde jaits daitezke. Baina konfiantza osoa dugu bai entrenatzailearengan eta bai jokalariengan; Kategoriari eutsiko diogu!
Eta antolaketa arloan, berriz, azpiegitura eta finantziazioa sendotzea.
Esaterik ba al duzu horrelako taldeen ahuldadeak zeintzuk diren? Eta indarguneak?
J.A.H. Ahuldadeak, beste edozein taldetan nabari direnak; baina batez ere, partaidetza eskasa. Hemen ere lan asko dago egiteko oraindik. Indarguneak, berriz, jokalarien konpromisoa eta identifikazioa Euskaldunarekin.
Eskatzen hasita, zer eskatuko zenioke Udalari? Eta andoaindarrari?
J.A.H.Bi eskaera. Aurreko denboraldiaren hasieran hasi ginen hizketan Udalarekin eta alkateari eta alderdi guztietako ordezkariei gauza bera eskatu genien, harmailak eta aldagelak egitea. Bilera horien ondorioz, behin-betiko proiektua enkargatu zen eta hil honen amaieran jasoko dugu proiektua. Beraz, orain, obren adjudikazioa martxan jartzea eskatzen diogu.
Eta bestetik, bi zenbaki kontuan hartzeko. Udalaren aurtengo aurrekontua 23 milioi eurokoa da eta Euskaldunak 7.000 € eskas jasotzen ditu, kopuru oso urria inondik inora. Beraz, 2008ko aurrekontuetan kopuru hori bikoiztea eskatzen diogu Udalari. Kontuan izan, 84 urte bete dituen erakunde bat garela, 1923an sortua.
Andoaindarrari Allurraldera etortzeko eskatuko nioke, gure taldeak animatzera etor daitezela.
Lehen taldearekin ibiliko al zara handik hona?
J.A.H.Gaur arte gehienbat infantilekin ibili naiz, semeak kategoria horretan jokatzen baitu, baina beste taldeekin ere ibili gara, esate baterako neskekin, Gasteiz-Cup jokatu zutenean ere han izan ginen. Lehen taldea ere kanpoan etxean baino gehiago ikusi dut. Eta hemendik aurrera, ondo bidean, gehiago ibiliko gara.
Nola osatuko da lehen taldea? Aldaketa asko izango al da plantillan?
J.A.H. Batez ere aurtengo denboraldia egin duten jokalariek osatuko dute taldea, baina bospasei jokalari berri ere ekarri nahi ditugu. Nolanahi ere, eta errefortzu moduan, herritik kanpo jokatu duten andoaindarrak berreskuratzen saiatuko gara.
Gainerako taldeak aipa ditzagun, zenbat talde lehiatuko dira 2007/2008 denboraldian? Zenbat fitxa izango dituzuela kalkulatzen duzu?
J.A.H.Denera 11 talde izango dira. Alebin talde bat, F8-ko bi haur talde, neskak eta mutikoak. Kadete mailan 2 taldek jokatuko dute, batak ohorezko ligan eta besteak lehen mailako kadeteetan, eta nesken kadete mailako beste talde bat ere izango dugu. Jubenilak, ohorezko ligan jardungo dutenak. 2 talde areto-futbolean, jubenileko bat eta bestea euskal ligan. Eta azkenik nagusien taldea, Preferente mailan.
Datorren denboraldian inoiz izan dugun fitxa kopuru handiena izango dugu, 225 denera.
Zerbait gehiago gaineratu nahi al duzu?
J.A.H.Nire nahirik handiena, kirol arloan ondo ibiltzea da eta gure jokalariek, bakoitzak bere taldean eta mailan, Euskadunaren koloreak ilusioz defendatzea.