Beste eskualdeetan bezala, Beterri-Aiztondo eskualdean ere bada haien arrastorik. Erreportajea osatzeko, kanpoko lurretatik bailarara etorri den hainbat herritarrengana gerturatu da aldizkaria. Kontinente ezberdinetako herritarrek hartu dute hitza. Hiru hego-ertamerikar, afrikar bat eta asiar baten ikuspegi eta iritziak ezagutzeko aukera izango da oraingo honetan. Europako lurralde ezberdinetatik etorritako herritarrak ere badira eskualdean.
Eta hurrengo aldizkarian, beste hainbat etorkinen bizipenei eskainiko zaie tartea. Azaldu dutenez, gustura daude eskualdean. Euskalduna jende atsegina eta irekia dela diote denek. Ez dutela herritarrekin arazorik izan. Euskarak eta euskal kulturak erakarri egiten dituzte gehienak eta askok erakutsi du hizkuntza ikasteko gogoa. Bat edo bestek gaztelaniaz ondo moldatzen den bitartean, euskararen beharrik sumatzen ez duela ere aipatu du. Ikuspegiak eta iritziak, bakoitzak bereak. Honatx:
Yoshihiko Sagawa. Japoniatik Andoainera
Maitasunak ekarri zuen Yoshihiko Osakatik Andoainera. Euskal Herrian, naturak ere maitemindu du.
Bidaia batean ezagutu zuen Yoshihikok egun bere bikotea den emakumea. Neskalaguna andoaindarra izanik, gure eskualdeko herria ezagutzera etorri zen. “Andoain ezagutzera etorri nintzen eta azkenean bertan geratu ginen. 15 urte baino gehiago igaro da Andoainen bizi naizenetik”. Osakan jaio zen Yoshihiko, Japoniako bigarren hiri handienean. Ez du beraz, Andoainekin zerikusirik. “Umea nintzenean, bizikleta hartu eta Osakako beste auzoetara joatea mundua ezagutzea zen, hura ez zen inoiz amaitzen”, oroitzen du irribarrez. Horrela, Andoainera etortzean, sekulako aldaketa sumatu zuen. “Hona etorri nintzenean hau askoz ere lasaiagoa iruditu zitzaidan. Baina hemen ere iruditzen zait pixkanaka naturari lekua kentzen ari garela herriak handitzeko”, dio kezkaz. Izan ere natura asko maite du japoniar honek. “Agian txikitan ez nuelako ezagutu. Osakan hiriak natura nola jaten zuen ikusi nuen. Orain ere berdin jarraitzen dute Japonian. Mendi osoak kentzen dituzte etxeak eta industria egiteko”. Alabarekin joaten da sarri Japoniara, aiton-amonekin egoteaz gain, hango kultura ezagut dezan. Trukean berriz, euskaraz ikasi du Yosihikok. “Alabarekin euskaraz hitz egiten dut. Bera izan da nire irakaslea”.
Zer da Andoaindik gehien gustatzen zaizuna?
Mendia eta itsasoa gertu dituela. Osakan itsasoa gertu genuen, baina oso kutsatua eta industriaz beteta zegoen.
Zer moduz moldatzen zara herritarrekin?
Orokorrean ondo, onartua sentitzen naiz. Hemengo jendea irekia da, kanpotarrekin hitz egitera ohituta dagoen jendea. Euskal Herria igaro-leku izan da jende askorentzat eta nik uste dut horrek baduela zerikusia.
Hona iritsi eta gehien harritu zintuen ohitura?
Baserri eta baserritarren inguruan dagoen kultura horrek harritu ninduen. Lurrari lotutako kultura dago, oso hemengoa eta oso aberatsa.
Zure herritik bereziki faltan botatzen duzuna?
Familia eta janaria. Janaria egin dezaket hemen ere, baina ez da gauza bera. Japonian esaterako, hiru arroz mota bereizten ditugu, freskoa, urtekoa eta hiru urtekoa. Onena freskoa da, baina hemen, gaur egun, hiru urtekoa besterik ez da saltzen! Gero, bainua ere faltan botatzen dut, iluntzean bainatzeko ohitura dago Japonian, lasaitzeko eta erlaxatzeko.
Gloria Aigbaghongho. Nigeriatik Amasa-Villabonara
Duela zortzi urte sorterritik Madrilera joan eta handik Euskal Herrirako bidea hartu zuen Gloriak.
28 urte ditu. “Jostuna nintzen Nigerian, baina tarteka egiten nuen lan. Orain taberna bateko sukaldean aritzen naiz lanean”. Sorlekua utzi eta paperik gabe, bizi berriaren bila abiatzea gogorra dela dio Gloriak, “bizitzeko baimena eskuratzeko lana aurkitu nuen lehenengo. Bizimodu berri eta ezezagunera ohitzea gogorra da. Nik laguntza eskainiko nioke egoera horretan legokeen herritarrari”. Bisitan itzuli zen iaz Nigeriara, “oso lasai sentitu nintzen, gustura. Hala ere, hemen askoz ere hobeto bizitzen da”. Duela pare bat urte Villabonako udaletxearentzat ere egin zuen lan. “Eserlekuak, farolak…, margotu genituen eta kalea txukun mantendu genuen”. Hitz solte batzuk dakizki euskaraz, “oso zaila da euskara. Bi urteko Irene alaba haurtzaindegian ari da euskaraz ikasten eta berak erakusten dizkit hitzak. Nigeriatik abiatu nintzenean ez nekien gaztelania ere. Madrilen ikasi nuen. Senarrarekin nigeriarrez eta ingelesez hitz egiten dut gehien”.
Zer duzu gogokoen herrian?
Giroa eta jendea. Hemen guztiok maila berean bizi gara. Nigerian ezberdintasun handiak daude: batzuk gehiegi dute eta besteek gutxiegi, gosez hiltzeraino.
Zer moduz moldatzen zara herritarrekin?
Ondo moldatzen naiz. Nik ezagutzen ez ditudan herritarrek ere agurtzen dute alaba eta pixkanaka, jendea ezagutzen ari naiz.
Hona iritsi eta gehien harritu zintuen ohitura?
Gustatu egin zitzaidan ikusitakoa. Villabona Lasarte baino herri txikiagoa zela agerikoa zen. Bestalde, Euskal Herrian oso ondo jaten da. Hasieran kosta egin zitzaidan ohitzea, baina denetik jaten dut orain. Nigerian plater bakarra jaten da, pisuagoa da elikadura.
Zure herritik bereziki faltan botatzen duzuna?
Hau politagoa da eta hemengo bizimodura ohitu naiz dagoeneko.
Julio Quingaguano. Ekuadortik Larraulera
Gipuzkoako herri ezberdinetan aurkitu du aterpea, Larraulen azken bi urte eta erdietan.
Orain lau urte etorri zen Julio. Hernani, Astigarraga, Zarautz nahiz Donostian bizitu zen. “Pintatzen ibiltzen nintzenean herri asko ezagutu nuen: Orio, Hondarribi…”. Lagun baten bidez jakin zuen Larraulgo Larrola baserrian lanerako pertsona baten bila zebiltzala eta modu horretan iritsi zen eskualdera. “Behiekin egiten dut lan, ukuiluan…”. 19 urterekin hartu zuen Juliok Euskal Herrira etortzeko erabakia, “bizimodua askoz ere errazagoa izango zela pentsatzen nuen, baina berehala konturatu nintzen hemen ere lan egin behar zela bizi ahal izateko”. Astean zehar Larraulen egiten du lan eta orain asteburuetarako ere lana aurkitu du, “udako denboraldirako, Astigarragako taberna batean hasi naiz lanean asteburuetan”. Euskal Herria eta eskualdea gustuko ditu, “tartea dudanean festaz festa ibiltzea gustatzen zait”. Euskara, berriz, oso zaila iruditzen zaio, “hitz gutxi batzuk bai, baina ez dut euskaraz hitz egiten ikasi”. Joan zen otsailean izan zen Ekuadorren, “etorri nintzenetik lehen aldiz itzuli nintzen etxera. Gustura. Faltan botatzen dut hura. Eta aurrerantzean ikusiko da, orain momentua bizitzen ari naiz”.
Zer duzu gogokoen herrian?
Jaiak gustatzen zaizkit bereziki. Lehen gehiago ibiltzen ginen eskualdeko jaietan, batetik bestera. Donostian ditut orain lagunak eta ahal dudanean, han biltzen gara.
Zer moduz moldatzen zara herritarrekin?
Ondo. Jatorrak, atseginak dira.
Hona iritsi eta gehien harritu zintuen ohitura?
Dena berria zen niretzat, ez nuen ezer ezagutzen. Ekuadortik atera nintzenean, dena modernoa iruditu zitzaidan, txukuna, polita.
Zure herritik bereziki faltan botatzen duzuna?
Gurasoak, batez ere. Anaia bat Astigarragan bizi da eta arreba Donostian. Tarteka elkartzen gara, baina baditut beste zazpi anai-arreba han.
Luis Agramonte. Dominikar errepublikatik, Amasa Villabonara
Amasa-Villabonan bizi da Luis. Ez du paperik, baina ez du zertan gordeka ibili beharrik; “ez dut ezer txarrik egin”.
Santo Domingotik etorri zen apirilaren 19an. Bizimodua aldatzea eta lana aurkitzea zituen helburu. Asmo berdinekin etorritako lagunarekin bildu zen hemen, “laguna aurkitu nuen, baina lanik ez”. Batean eta bestean lan ezberdinak egin ditu Luisek, baina ez du egonkortasuna ematen dion lanik aurkitzen, “ez dut lan finkorik aurkitzen, ez baitut paperik”. Lana bilatzerakoan ez du lehentasunik, “okindegian, iturgintzan eta bereziki eraikuntzan egin izan dut lan, baina edozein lan egiteko prest nago”. Lana aurkitzea askoz ere errazagoa izango zela uste zuen, “lana egon badago eta aurkitzea ere posible da. Nire arazoa paperik ez izatea da. Etorkinari aukera gehiago eman behar zaiola uste dut”. Luisi aurrekaririk ez zuelako eta baldintza ekonomikoak betetzen zituelako utzi zien bere herrialdetik ateratzen, “baimen horrek, ordea, ez dit ez lanik eta ez paperik ematen hemen. Batekin eta bestearekin lan txikiak egitera derrigortuta nago”.
Zer duzu gogokoen herrian?
Gustatzen zait Villabona eta, oro har, euskaldunen kultura. Lana dago, aukerak daude, bizimodua alda daiteke. Bizitzeko sistema gurea baino hobea da, aurrerakoiagoa.
Zer moduz moldatzen zara herritarrekin?
Euskalduna jende atsegina da, zintzoa. Kanpokoa izan edo bertakoa, ez da ondoko pertsona zapaltzen. Etorkinak errespetatzen dira. Ondo sentitzen naiz hemen.
Hona iritsi eta gehien harritu zintuen ohitura?
Hemengo eta hango jateko ohiturak ezberdinak dira. Hemengoa gustatzen zait. Euskara dela eta, erakartzen nau, baina ez dut batere ulertzen. Denbora luzez geratzen banaiz, ikasteko aukera izan dezaket.
Zure herritik bereziki faltan botatzen duzuna?
Ezer ez, bereziki. Hemen geratzea gustatuko litzaidake, baina paperak lortuko banitu, joango nintzateke, berriro itzultzekotan.
Lilieck Rodriguez. Nikaraguatik Andoainera
Nikaraguatik Andoainera lan bila etorri zen. Bazuen nora etorri, baina oso gogoan ditu bere sustraiak.
Duela bost hilabete etorri zen Lilieck. 21 urte ditu eta gustura dago egin zuen aukerarekin. “Lagunak nituen Andoainen eta dudarik gabe, asko erraztu zuen horrek etorrera. Lana ere aurkitu dut eta pozik nago. Mingarriena familia urrun edukitzea da. Gainerakoa ondo”. Lan bila etorri zen, “bi hilabetez ibili nintzen lan bila. Nire herritik ekarri nuen diruarekin konpondu nintzen hasiera hartan. Orain, emakume bat zaintzen dut eta gustura nago, oso emakume atsegina baita”. Ondo moldatzen da Lilieck, gustura dago lagunekin, gustura lanarekin, baina ez dauka argi zer egingo duen etorkizunean, “ikusi egin beharko da nola egokitzen naizen aurrerantzean”.
Zer duzu gogokoen herrian?
Andoainera iritsi nintzenean trenak harritu ninduen lehenik. Etxebizitzek ere bai. Han familia bakoitza bere etxean bizi da, ez gaude etxe altuetan bizilagunekin bizitzera ohituta. Herritarren bizitzeko ohiturak ere bitxiak iruditu zitzaizkidan.
Zer moduz moldatzen zara herritarrekin?
Oso ondo. Herritarrak oso atseginak dira. Tratua izan dudan guztiekin oso ondo moldatu naiz. Orain artean behintzat, ez nau inork baztertu etorkina izateagatik. Alderantziz, oso ondo hartu naute. Jende atsegina eta irekia da hemengoa.
Hona iritsi eta gehien harritu zintuen ohitura?
Aldaketa handiak sumatu ditut handik hona. Euskararik ez dakit, baina ondo moldatzen naiz gaztelerarekin. Klima aldaketa nabarmena da, ordutegia ere bai eta jateko ohiturak ere ezberdinak dira.
Zure herritik bereziki faltan botatzen duzuna?
Ama eta ahizpa, dudarik gabe. Oso gogorra da zureak han uztea. Ez dut seme-alabarik, eskerrak! Askoz ere gogorragoa izango litzateke bestela.