Katillutxulo elkarteko lehendakari izan da eta Larraulgo alkate izango da datozen lau urteetan. Xabierrek ez zuen bere burua udalgintzarako aurkeztu, baina herritarren borondatez aukeratua izan zen. Ekainaren 16an hartu zuen alkatetza kargua. Udaletxearen funtzionamendua ikasteko lanetan dabil alkatetzako lehen egun hauetan.
Zer moduz joan dira alkatetzako lehen egun hauek?
Xabier Mujika. Ondo. Ezohiko batzar bat egin genuen zinegotzi bakoitzari zegokion batzarra erabakitzeko eta beste ardura batzuk banatzeko. Tolosaldea Garatzen, Ur Kontsortzioa, Aiztondo eta horrelako erakundeekin harremana nork izango zuen erabaki genuen. Bi zinegotzi berri sartu gara Udalean eta aurreko legegintzalditik egiteko geratu diren lanen berri eman ziguten lehen batzar hartan. Obra batzuk amaitzeko lanak egin behar dira. Horrez gain, Herriko ostatua berriro irekitzeko asmoa dugu. Dagoeneko berritze lanak egiten ari gara eta uztailaren 2an amaituko da izena emateko epea. Ea festetarako irekitzea lortzen dugun. Urtebete da itxi zela eta faltan botatzen da. Herritarrak biltzeko aukera eskaintzen du ostatuak eta ona izango da berriro zabaltzea. Kanpotik etorri berri direnentzat, jendea ezagutzeko aukera emango du ostatuak.
Herritarrek aukeratu zaituzte. Sorpresaz hartu zenuen aukeraketa?
X.M. Bai. Larraulgo hautes sistema berezia da eta hauteskundeen aurretik banekien zinegotzi izango nintzela. Herri bilera egiten da Udaleko partaide izango diren bost pertsona aukeratzeko. Nik ez nuen nire burua aurkeztu, baina banekien herritar batzuk niri botua emateko asmoa zutela. Lehen bilera hartan 35-40 lagun bildu ginen eta Udalerako hautatu ninduten, baina botu kopuruan Karlos Irazuk irabazi zuen. Hauteskunde egunean berriz, Karlosek baino botu bat gehiago izan nuen eta horregatik izango naiz alkate datozen lau urteetan. Sorpresa izan zen.
Larraul bezalako herri txiki batean 24 orduz izan behar da alkate…
X.M. Bai. Arazoren bat gertatuz gero, zuzenean joko dute nigana, bai udaletxean nagoenean, baita beste edozein momentutan ere. Duela lau urte etorri ginen Larraulera bizitzera eta jendeak harrera ona egin digu. Oso gustura bizi gara herrian. Alkate izango nintzela jakitean jendeak zoriondu egin ninduen eta hori eskertzekoa da. Astelehen, astearte eta ostiraletan, 10:00etatik 13:30etara beti izango naiz udaletxean eta horrez gain, beste ordu batzuetan etortzen ere saiatuko naiz, beharren arabera.
Zerbait gaineratu nahi al duzu?
X.M. Lanerako prest gaudela eta ahal den erarik hoberenean lan egiteko asmoa dugula. Hala ere azpimarratu nahiko nuke Udaleko erabakiak ez daudela nire eskuetan bakarrik. Bost zinegotzi gaude Udalean eta bosten artean hartzen ditugu erabakiak.