Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 2a, 16:24

Joan Mari Torrealdai, Arantxa Iturbe, Josu Martinez eta Mikel Garcia dira XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza sariketan nabarmendu diren egileak, eta noski, haien lanak. Basteroko erakusketa aretoan ospatu zen sari banaketa, ekainaren 30ean.

XIX. Rikardo Arregi kazetaritza sariek, jada, badute jaberik. Pasa den larunbatean, ekainak 30, ezagutarazi zuen epaimahaiak azken urtean kazetaritzaren alorrean nagusitu diren lanak eta haien egileak. Ez zen zorion agurrik, esker oneko hitzik ezta euskal kazetaritzaren aldeko aipamenik falta izan. Hain zuzen, alor honetan murgilduta dauden eta dagoeneko ibilbide luze edo motzagoa burutu duten Josu Martinezek, Mikel Garciak, Joan Mari Torrealdaik eta Arantxa Iturbek osatzen dute aurtengo sarituen zerrenda.

Hala erabaki dute honako epaimahaikide diren kazetari eta idazleek: Ana Urkizak, Jose Inazio Basterretxeak, Arantxa Urretabizkaiak, Agustin Errotabeherek eta Aitor Zuberogoitiak. Rosa Okaritz eta Jon Unanue udal teknikarien parte hartzearekin. Epaimahaiburu, Andoaingo Udaleko alkate Jose Antonio Pérez Gabarain izan da.

Euskarazko kazetaritza prestu eta modernoa bultzatu eta sustatu asmoz banatzen dira sariok. Arloko lanen bikaintasuna eta berritasuna dira saritutako lan eta egileen artean aurki daitekeen loturetako bat. Bestea, ezaugarri horiek dituzten lanak, epaimahaiak aipatu bezala, “kazetari berrien kemenaz eta ilusioaz” sortu izana.


Gai gordinekiko sentsibilizazioa

Mikel Garciarentzat izan da “Kazetari Berria” saria. 27 urtez azpiko kazetariei zuzendua, lehen urratsak egiten ari den kazetari lanak saritzen dira. Argia aldizkarirako idatziriko hiru erreportaje landu eta plazaratu ditu. Kazetari gazteak duen kontalari sena azpimarratu du epaimahaiak. Baina batez ere, gai gordinekiko erakutsitako sentsibilizazio eta konpromisoa erabakigarriak izan dira, haien iritzian.

Saria eskatutako adina igarotzear eskuratu duela adierazi zuen. Ilusioz hartu zuen Garciak saria eta bi norabideetan zuzendu zituen bere eskerrak. Argiari bere lanak argitaratzeko aukera hori emateagatik eta eskerrak eman nahi izan zizkien baita, argitaratutako bere lanetan protagonista izan dituenei ere. “Heroinomano, superdotatu eta zentro berezietako gazteei”, hurrenez hurren Garciaren esanetan.


Aktualitatearen beste errepasoa, kantu bidezkoa

Esker oneko hitz gehiago ere entzun ziren. Musika doinuez lagundutakoak gainera. Gitarra eskutan zuela jaso zuen eta saria, Josu Martinezek. Bere lanean egin ohi duen bezala, Euskadi Irratiko “Arratsaldekoa” saioan “Ostegunak uhinetan kantari” tartean.

Estilo ausarta eta berritzailea baliatuta, hiru jarduera bateratzen baititu; musika sorle, letra egile eta berriemaileari dagozkionak. Aktualitatearen errepaso zorrotza, baina umore ukitu handiarekin egiten baitu. Ikusmolde berritzailea eskaintzeagatik, Josu Martinezek jaso zuen epaimahaiaren Sari Berezia. Hitz egiten jarriz gero, okerrago izango zela eta irratian astero egin ohi duenez, modu berean, gitarra hartuta abestuz pozik asko hartu eta eskertu zuen saria. Horretan jarraitu nahiko lukeela ere azpimarratu zuen.


Sortzaileen omenez, aurrera eginez

Astelehenetik ostiralera entzungai den irratsaio berak bigarren sari bat ere jaso zuen. Aurkezleak berak, Arantxa Iturbek. Komunikazio hurbilerako erakutsitako abilezia, solaskide izaten dituenak bereganatzeko duen erraztasuna edota elkarrizketa landu eta ongi bideratuak egin izanagatik. Irratsaioaren formatua bera baloratu dute epaimahaiko kideek. Askeagoa eta zirikatzaileagoa den saiotzat definitu zuten “Arratsaldekoa” programa. Elementu edo osagai horiekin guztiekin literaturari erakargarritasuna ematea lortu duela jakinarazi zuten. 

Iturbe saria jasotzera joan zenean, horrelako egoeratan, eskerrak emateko modu ezberdinak zeudela aipatu zuen; hitz gutxi batzuekin egiten zutenak edota zerrenda luze eta amaigabe bat ahotan hartzen zutenak. Bera, esker emaile aldarrikatzailearen paperean sartu zen. “Sortzaileek merezi dute beti. Sortuz egiten da aurrera”, aipatu zuen Iturbek. Lan guztiek dituzten gorabeherekin aitorpen bat ere egin zuen; “Maite dut nire lanbidea”. Eta euskarak duen balio erantsi zein mugekin, beste hainbat hizkuntzetan bezala, irratsaio erakargarri eta duina egin daitekeela azpimarratu zuen. Beti ere, inguratzen dituen lankide, lagun, senide… ahaztu gabe.

 

Ibilbide luze bezain oztopotsua

“Bitxia batzuek kondenatu eta besteek saritu naute, arrazoi berberengatik”, adierazi zuen Joan Mari Torrealdaik. Epaimahaiaren ohorezko aipamena jaso du. Orain arteko lanarekin aurrera jarraitzeko indarra ematen ziola aitortu zuen. Sariketari izena ematen dion Rikardo Arregiren bidaialagun izan dena hunkituta ageri zen, bere esanetan, “uneagatik eta bere izena daramalako”. Saritzen zutenen merezimenduak entzunda,  gogoan izan zituen, Euskaldunon Egunkarian edota Jakinen lankide izan dituenei, tartean, baita auzitegi bidean direnei ere, Torrealdairen esanetan, “merezimenduak ez  baitira nireak soilik”.

Frankismo garaian ahalegin itzela eta arriskutsua egin zuen. Testuinguru horretan, eta geroago, hainbat oztopo, zentsura, debeku eta itxierei aurre egin behar izan die. Geroaldi horretan ere, euskal kazetaritza euskaraz egindakoa zela gogorarazteagatik. Horregatik guztiagatik jaso du aipatutako saria. Hemendik aurrerakoari dagokionez, iragarpen bat ere egin zuen. “Ezagutzen nautenek dakitenez, ez naute erretiratuko”, adierazi zuen Usurbilen bizi den foruarrak.


Kalitatea sustatu eta kontsumoa indartzeko apustua

Euskarazko kazetaritza nazionala gisa definitu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuorde Patxi Baztarrikak Rikardo Arregi sariketa. Atzera begira jarrita, garai batetik gaur egunera euskaraz lan egiteko gai ziren kazetariak eta hedabideak ahotan hartu zituen. “1977an 20ra ez ziren iristen euskaraz lan egiteko gai ziren kazetariak. Gaur egun ehundaka dira”, adierazi zuen Baztarrikak

Bi apustu edo erronkei aurre egin beharra aipatu zuen; berak egindako paralelismoei lotuta, hedabideen osasuna eta horien kontsumoa aipatu zituen. Hain zuzen, kopuruak alde batera utzita, kalitatearen aldeko apustua egiteaz, kalitatezko kazetaritza produktuak lantzeaz mintzo zen. Eta euskal hedabideen hartzaileak, egun direnak edo daudenak baino gehiago erakartzeaz. “Zailtasun handiak daude irakurzale eta ikus-entzule euskaldunak erakartzeko”, baieztatu zuen Baztarrikak. Hori dela eta, euskarazko hedabideei buruzko gogoeta prozesua abiaraztekoak direla ere aipatu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!