Altzarien eta hondakin arriskutsuen bilketa indartzea eta edukiontzi gehiago jartzea, berrikuntzen artean.
Orain artekoarekin alderatuta, etxeko hondakinak jasotzerakoan hainbat aldaketa abian jarriko dira uztailaren 1etik aurrera. Edukiontzi berriak izango dira gune berrietan.
Bestalde, hemendik aurrera, altzari eta tresna zaharrak astero bilduko dira. Bilketak egiteko, astelehen arratsaldetan utzi beharko dira betiko lekuetan, gauean jasoko dira eta. Merkataritzako eta industriako hondakinak hor ez dira sartzen.
Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak jasotzera furgoneta bat etorriko da hilean bitan. Lehen ostiraletan 9:00-13:00 San Juan plazan. Hileko hirugarren ostiraletan Idiazabal kaleko autobus geltokian, kiosko ondoan, 16:00-19:30 artean. Beste materialen artean, sukaldeko olioa, CD-ak, pintura eta itsasgarriak, lanparak, etxetresna elektriko txikiak edota erradiografiak eraman daitezke. Inprimagailuko tonerrak eta tinta-kartutxoak Hirigintza bulegoan jasotzen dira.
Gainerakoan, gauero bilduko da zaborra. Iluntzeko 20:00etik aurrera, egunero, larunbatetan izan ezik. Egun horretan, zabor poltsa ez ateratzea eskatzen da. Horrekin batera, zabor poltsak ondo itxita edukiontzietan utzi behar direla gogorarazten da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!