Adiskidantzako partida hau, iazko irailean izandako zorigaiztoko istripu batean bizia galdu zuen Jose Manuel Begiristain arbitro urnietarra omentzeko izan zen. Partida hasi aurretik sari eta oroigarri ugari jaso zuten familiakoek herriko eta probintzi mailako kirol elkarte ezberdinek eskainita. Pilik, Jose Manuelen arrebak egin zuen ohorezko sakea eta Patxi Gorrotxategik (Jose Manuelen lehengusuak) egin zituen lehen zatiko arbitro lanak.
Partida bizi-bizi hasi zuten etxekoek, baina berehala pasa zen erreala jokoan nagusitzera, hala ere, lehenengo zatia amaitu aurretik Urnietakoak aurreratu ziren markagailuan. Bigarren zatian nekea agerian geratu zen. Aldaketa ugari egin ondoren eta aparteko jokorik eskaini gabe, golak egiteko aukera garbiak sortu zituzten bi taldeek, baina oraingoan Errealekoek izan ziren ate aurrean asmatu zutenak. Modu horretara banakoarekin amaitu zen partida.
Bukatu ondoren bi taldeek oroigarri bana jaso zuten eta giro ederrean elkarrekin afari bat eginez amaitu zuten eguna.