Uda, opor usaina, lan edo ikasturte amaiera… Hori guztia eta gehiago da San Juan bezpera. Gau magikoa, argi-izpiek argitzen duten urteko gaurik motzena, eskaerak eta gauza txarrak sutara bota eta, noski, jai girorako aitzakia ederra. Beste behin, Plazido Muxika plaza, gau magiko eta bereziaren eskenatoki bihurtuko da.
Txistulari, gitarra, akordeoi eta bibolinen doinua jarriko diote San Juan bezperari. San Juanetako ereserkia jotzea izango da haien lehentasunetako bat. Sugarren inguruan erromeria saio bikaina izango da. Egape ikastolako 4.mailako ikasleek Oriako axeri-dantza plazaratuko dute. Dantza giroa ziurtatua, baina baita, kantuari dagokiona ere. Egapeko ikasleek ere abesti ezagun askori ahotsa jarriko baitiete.
Eta bertara hurbiltzen direnei ere jaian parte hartzera deituko zaie. Haiek ere ahotsak findu eta ikasleekin batera, kantatu ahal izango baitute. Horretarako, behar adina laguntza izango dute. Abestien letrekin prestatuko diren triptikoak banatuko zaizkie eta.
Beraz, deialdia egina dago. Larunbat honetan, ekainak 23, gaueko 22:00etan piztuko da San Juan sua. Ondoren, erromeria giro bikaina, herriko musikari eta Egapeko ikasleen eskutik. Dantza eta musika sutondoan.
IAZ, GIRO EDERRA
Hilaren 23an ospatuko dena, iaz lantzen hasitako bidearen jarraipena da. Iaz, San Juan suaren inguruko festa indartzeari ekin zitzaion. Sua pizteaz gain, ez zen kanturako eta dantza girorik falta izan. Euriarekin ere zortea izan zuten. Emanaldiak iraun zuen artean ateri eutsi bazion ere, amaitu orduko hasi baitziren lehen tantak. Ordukoa ikusita, aurtengoan esperientzia errepikatzeko prest dira. Herrian ez zen tradizio bat sortu nahi izan dute, eta bide horretan doaz.