Andoain eta Urnieta, Alderdien Legearen txanponaren bi aldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko eka. 22a, 12:12

Ulertzea zail egiten den egoera bizi da eskualdean. ANV alderdia legezkoa da, baina hainbat zerrenda ez. Ekainaren hamaseian egoera horrek hautsi zuen normaltasuna.

Andoainen herritarrek Perez Gabarainen alde egin zuten, nabarmen. Alkatetza eskuratuko zuela ziurra zen.

Ezker abertzaleak, berriz, legez kanpo egon arren oposizioko buru izateko adina babes eskuratu zuen maiatzaren 27an. ANV-koek balioa eman nahi zioten jasotako botu kopuruari, horregatik agertu ziren batzarraldi aretora; hautetsi bezala dagozkien lau eserlekuak hartzera.

Eta gauzak zer diren. Batzarraldi aretoan gutxiengo ziren herritarrak. Aretoa kalez jantzitako poliziaz, bizkartzainez eta kazetariez beteta zegoen. Ikusle horien aurrean segurtasun indarrak dagokien rola betetzen saiatu ziren. Ertzaintzaren agerpenaren aurrean, “–Baina zer da hau? Ez al da hau herritarren etxea?” edota “–Bigarren indarra gara eta dagokiguna eskatzera gatoz” bezalako esaldiak airean geratu ziren, erantzunik gabe. Egoera deseroso horrekin, agintaldi berria hamasei hautetsiekin abian jarri zen. Aralarreko Ramon Urrutiak uko egin dio kargua hartzeari, eserleku hori ANVri dagokiolakoan.
Alderdien Legeak sortutako gorabeherak eskualdean pairatzen dira, gordintasun osoan.

NORMALTASUNA URNIETAN
Azken urteetan gizarte mailan egon diren liskarren arrastorik ez, normaltasunez egin zen kargu hartzea. Zentzu horretan, Adinaren Mahaiak hartutako erabakiak lagungarri izan ziren. Botua eman aurretik hautagaiek hitz egiteko aukera izan zuten. Eta bozketa amaituta, Urnietako alkate ohi Ugalderi eta dagoeneko alkate den Izagirreri herritarren aurrean hitz egiteko,

Ikusmina zegoen, eta aldaketa politikoaren lekuko izateko gogoa ere bai. Deialdia hasi aurretik, batzarraldi aretora sartzeko batere ohikoa ez den soka sortu zen. Berrogei lagunentzako tokia zegoen eta Udaltzainek kopuru hori baino gehiago ez sartzen uzteko agindua zuten.

aretoan izan zirenak ohikoa baino luzeagoa den ekitaldi baten lekuko izan ziren. Hautetsiek kargua hartu eta alkate izendatzeko bozketaren aurretik, Adinaren Mahaiak alderdi bakoitzeko ordezkari bakoitzari hitz egiteko aukera eman zien.

UDAko Mikel Izagirrek ordezkatzen duen hautesle elkargoaren hasierako printzipioak gogora ekarri zituen. Herritarren parte hartzearen ideia defendatu zuen.

PSE-EEko Herme Gonzalezek bozkatu eta gero hitz egiteko aukeraren alde egin zuen.
Florentino Ugaldek jeltzaleen izenean hitz egin zuen zuriz bozkatuko zutela iragartzeko. Herriak aldaketa bozkatu zuenez, oposizioa eraikitzailea egingo zutela adierazi zuen. Errespetua eskaini eta eskatu zuen eta urnietar guztiei eskerrak eman zizkien. Udal langileak ere gogoan izan zituen.

ANVren izenean Gotzone Astiasaranek hitz egin zuen. Lehenik eta behin alderdiak bizi duen egoera salatzeko. UDA aipatu gabe, ingurugiroan eta bestelako gaietan bat egiten dutelako haren alde bozkatuko zuela iragarri zuen.
Bozketaren emaitza hauxe izan zen:
6, Mikel Izagirre (UDA).
4, Herme Gonzalez (PSE-EE).
3, Zuri.

Orduan, sozialistek hitza eskatu zuten emandako botuaren arrazoiak azaldu asmoz. Maiatzaren 27ko hauteskundeek panorama zaila sortu zutela eta, oraindik ere jendeak “eta orain zer?” galdetuz jarraitzen duela adierazi zuen. UDAk alderdi guztien artean Gobernu Taldea osatzeko eskaintza onartzeari uko egin zion alderdi sozialistak, haientzat ulergaitza delakoan.

Sozialistak jeltzaleekin bildu zirela ere aitortu zuen. Ugalderen alderdiak hitzarmenik ez onartzeko aukera ulertzen zutela adieraziz. Oposizioan gobernuaren kontrola egingo zutela adierazi zuen Herme Gonzalezek.

Iñaki Mendizabalek, Adinaren Mahaiko bozeramale gisa, alkatetza kargua uzten zuen Ugalderi hitza eman zion. Honek zera adierazi zuen, “zorte on, bereziki hasi berriak zareten zinegotziei. Eta alkate berriari, zorionak”.

Hitz horien ondoren iritsi zen Mikel Izagirre alkate berriaren hizketaldia. Aurkari politikoei eskerrak eman zizkien oposizioan leialtasunez jokatuko zutela iragarri zutelako. Gobernu taldearen ateak beti zabalik izango direla adierazi zuen eta herritar guztien alkate izango zela adierazi ere bai. Eskerrak eman eta gero, korporazio kide guztien argazkiarekin amaitu zen ekitaldia Urnietako udaletxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!