Ekainaren 23koa, organoaren berrestreinaldia izango dela esan daiteke?
Pedro Aizpurua: Duela ehun urte muntatu zuten organu frantziarra. Oso marka onekoa da, Merklin izenekoa. Lorpen handia izan zen. Parrokoak organoaren ehungarren urteurrena ospatu nahi zuen. Hori dela eta, berak obra bat konposatzea eskatu zidan. Obra prestatu eta egun horretan, interpretatuko dut, nire beste obra batzuekin batera. Obra txikia, gero joko den “Salvea” baino lehen.
Emanaldi berezia izango da beraz?
P.A.: Obra biografikoa izango da, nire bizitzarekin lotutakoa. Alderdi organistikoa eta elektronikoa izango ditu. Gogoratzen dut, hamar urte nituela Andoaingo elizako koroan nintzen. Alberto Agirreren eskutik jo nuen lehen aldiz organoa, “Salve Regina”. Duela 70 urte baino gehiago. Emanaldian, bozgorailuen bidez une hura gogorarazteko hitz batzuk egingo ditut.
Diotenez, horrelako organu gutxi gelditzen da Gipuzkoan. Kontu hauetan, dagoen lurralderik aberatsena omen da?
P.A.: Gehienak, Frantziako Cavallerie Coll etxeak egindako organoak dira. Andoaingoa, aipatu bezala, Merklin etxekoa da, Cavallerie Coll-ekin lan egiten zuen lehen. Besteak beste, hiriburuan, Donostiako Santa Maria eta San Vicente elizakoak ezagutzen ditut.
Andoaingoak zer ezaugarri ditu?
P.A.: Erromantizismoaren barruan kategoria ezberdinak daude. Andoaingo organua oso erromantikotzat jo daiteke. Gero, hainbat kontzertistek musika barrokoa jo ezin dutela eta, kexu izaten dira. Ni Valladoliden bizi naiz. Bitxikeri gisa, bertako Katedraleko organoa Hernaniko Arrazua lantegiak egina da. Bartzelonarako ere instrumentu ezin hobea egin zuten. Oso birfindutako musika entzun daiteke.
Organua berritu dute soilik, ezta?
P.A.: Hernaniko Arrazua lantegikoen ondorengoak arduratu dira berritze lanez. Arrazuakoekin lan egiten zutenak dira.
Valladoliden bizi zara. Hara eta hona ibiltzen zara?
P.A.: Atzerrian leku askotan egon naiz. Duela 30 urte, adibidez, Ingalaterratik bira bat egin nuen. Southampton, Birmingham, Manchester, Liverpool eta Westminsterko katedraleetan kontzertuak eskaini nituen. Frantzia iparraldera ere joan nintzen. Musikari lotutako ikastaroak ere eskaini izan ditut atzerrian; hirutan egon naiz Hego Korean, Grezian. Orain ere, Greziara joatekoa nintzen. Musika monastikoarekin lotutako ikastaro espezializatuak eskaini izan ditut.
Hainbeste bidaiatu eta gero, musika mota hau osasuntsu dagoela uste duzu?
P.A.: Ez dut sentsazio ezkorra. Asko interpretatzen den musika mota da. Organista handiak ezagutu ditut Biarritzen edota Parisen. Konpositore moderno asko dago.
Sanjuanetarako herrira itzuliko zara?
P.A.: Bai, hala da, Valladoliden bizi bainaiz. Organua dominatzen ez dudanez, ostiralean entsaiatzen arituko naiz. Larunbateko emanaldia prestatzeko. Edozein kasutan, Andoainen igarotzen dut uda, abuztu partea, eta Gabonetan ere bertan izaten naiz.
Usurbilen ere berritze lanak
Andoainen bezala, Usurbilgo Salbatore Parrokian dagoen organo erromantikoak ehun urte bete ditu. Cavallerie-Coll etxeak 1907an egin zuen. Pasa zen udazkenean, Frantziako espezialista talde batek desmuntatu zuen musika instrumentu historikoa.
Baina kasu horretan, konponketak organutik haratago doaz. Helburua, koru osoa berritzea da. Lanak hasi zirenetik, harrituta daude aditu, zaletu eta organuen mundu horretan dabiltzanak. Musika instrumentua bera, eta oro har, koruko egurra ezin egoera hobean baitaude. Leku konkreturen bat kenduta, pipi arrastorik ez da.
Baina are gauza harrigarriagorik ere bada. Aurkikuntza harrigarriak egin dira koru horretan. Gerra ostekoa izan daitekeen babarrun sorta ederra zegoen koruan. Eta orain arte inork jakin ez. Baina hori bai, ezin egoera hobean ziren. Horrekin batera, 70. hamarkada hasieran izandako Burgosko prozesua salatzen duen kartela eta hainbat teoria politikoei buruzko txostenak agertu dira.