Talde hartako kide zen Juantxo Arregi andoaindarra eta gaur egun ere Axeri dantzan parte hartzen jarraitzen du.
Bixente Olanok izan zuen Axeri dantzaren berri Txistulari izeneko aldizkari baten bidez eta berreskuratze lanak hasi zituen. Gerrate garaian aurkitu eta ondo izkutatuta izan zituen aldizkari horiek eta giroa lasaitu ondoren ekin zion aldizkari haiek irakurtzeari. Modu horretan jakin zuen Andoainen eta Adunan antzina Axeri dantza egiten zela. Lizar Makil taldeko zuzendari zen Bixente Olano eta Juantxo Arregi taldeko dantzarietako bat zen: “Andoainen ez genuen irakaslerik bilatu. Bixente Olanoren bidez jakin genuen Adunan bazegoela erakutsiko zigunik eta hara joan ginen ikastera. Dabid Zabala eta Faustino Sorondo izan ziren gure irakasle. Haien omenez, Adunan dantzatu genuen Axeri dantza Andoainen baino lehen, 1975 urtean. 1976an egin genuen Andoainen lehen aldiz. Lehen bi urtetan Lizar Makil bezela egin zen Axeri dantza eta hurrungo urtean herriko jende gehiagorekin”.
Aizpuruaren ezetza
Dantza berreskuratzeko lehen pausuak Andoainen bertan eman zituzten. “Andoainen bazen Axeri dantza ezagutzen zuenik, esaterako, bazen Aizpurua abizena zuen txistulari bat eta haren esanetan dantza gogorregia zen. Bada pausu bat, Orratzarena esaten zaiona. Dantzariek hankak ireki eta itxi egiten dituzte eta garai batean azpitik pertsona bat pasatzen zen orratza eskuan hartuta. Hankak ixten zituztenean ziztada ematen zien eta odoletan amaitzen zuten. Horregatik ez zuen batere gustokoa eta ez zigun erakutsi. Doinua erakustea bakarrik lortu genuen”, azaldu du Juantxok.
Oso dantza berezia da Axeri dantza: “Dantza eta jolasa parekatuta ditu. Sei zatitan banatuta dago eta denetarik egiten da. Zati batzuetan dantza, eta bestetan jolasa. Gaur egun Axeri dantzan parte hartzen dutenen artean beteranoena naiz eta 1976an dantza egin genuen talde horretatik geratzen den bakarra”.
Herritarrei parte hartzeko deia zabaldu nahi die Juantxo Arregik: “Axeri dantza oso erraza da. Sei pausu nagusi ditu eta ikasteko errazak dira. Arin arin eta fandango dira pausu zailenak. Beste pausuak, pixka bat entsaiatuz gero, errazak dira, ez dauka misteriorik. Inoiz dantza egin gabea izanda ere, Axeri dantzan parte hartzeko aukera badago. Nik parte hartzera animatuko nituzke herritarrak. Oso egun polita pasatzen dugu. Goizean elkartzen gara eta hamaiketakoa egiten dugu, modu horretan giroan sartzen gara eta ez gara hotz hotzean dantzan hasten. Bazkaria ere elkarrekin egiten dugu. Oso giro polita sortzen da”.
Ondo pasatzeko eguna
1976an lehen aldiz Andoainen dantzatu zutenetik, hutsik egin gabe parte hartu du Juantxo Arregik Axeri dantzan: “Eguna iritsi zain egoten gara eta jendea ere hala egoten da. Urtean behin bakarrik egiten da eta horrek jendea erakartzen du. Oso ondo pasatzen dugu. Askotan pentsatzen dut zer egiten ote dudan horrenbeste jende gazteren artean, baina uzteak pena ematen dit. Nire belaunetaz gogoratu eta uztea bururatzen zait, baina gustora nabilen artean, jarraitu egingo dut. Kapitaina naiz. Nire lana dantzariei gauzak esaten joatea da: ilarak mantentzea, pausuak ondo ematea eta horrelakoak. Dantza ere egiten dut. Zortzikoa dantzatzen lehena naiz eta ondoren besteek egiten dute, baina gehienbat, ikuskatzea da nire ardura”.
Emakumeen sarrera
2000 urtean eman zen aldaketarik handiena Axeri dantzako taldean. “Urte hartan emakumeei parte hartzeko aukera eman zitzaien eta taldekide batzuk ez ziren ados egon erabaki horrekin. Ordurarte gizonezkoak bakarrik atera izan ginen, beti jende berdina eta bazen horrela jarraitzeko nahia zuenik. Emakumeak taldean sartzeko erabakia hartu zenean, bidea libre uztea erabaki eta azken Axeri dantza egiteari utzi zioten batzuek. Urteak pasa ahala, ni bakarrik geratu naiz lehen talde hartatik. Lizar Makil taldearen garaitik elkarrekin genbiltzan dantzan eta oso giro ona zegoen. 1999an egin zen mutilek bakarrik dantzatutako Axeri dantza eta hamabi bakarrik atera ginela uste dut. Orain, urtero taldea handitzen doa eta hori ikusita, emakumeak sartzeko pausua ematea erabaki ona izan zela uste dut. Poza ematen du horrek, baina aldi berean, aurreko taldekideek utzi izanaren pena geratzen zait. Hala ere, garbi dago bakoitzak bere iritzia duela eta errespetatu egin behar da”, dio Juantxo Arregik.
Dantza bera bezala, Axeri dantzako jantzia ere oso berezia da. “Aizpurua txistulariak esaten zuen Andoainen ez zela jazten blusa gorria, baina Adunan bai. Gu horrela hasi ginen: blusa gorria, alkandora txuriak, maoizko galtzak, artilezko galtzerdiak eta larruzko albarkak. Buruko zapi koloretsua ere oso garrantzitsua da bizitasuna ematen diolako. Urte batzuetan horrela jantzita egin genuen, baina ondoren, aldaketak egin ziren. Galtza marradunak, galtzerdi beltzak eta alpargata zuriak jazten hasi ginen. Blusa, alkandora eta buruko zapia errespetatu zirenez, oso dantza koloretsua da”, azaldu du Juantxok.