Bertsoa emakumez jantziko da ekainaren 24an. “Bertso saio berezi bat egin nahi genuen eta horregatik otu zitzaigun sei bertsolariak emakumezkoak izatea”, adierazi du Andoaingo euskara teknikari Patrik. Bertsolariez gain, gai jartzailea ere emakumea izatea hautatu zuten eta horrela zazpi neska izango dira oholtza gainean. Sei bertsolariak bertsokera ezberdinekoak dira. Euskalki ezberdinak ere entzuteko aukera izango da, bi bizkaitar, hiru gipuzkoar eta lapurtar bat izango baitira kantuan. Neskak izateak ordea, ez du esan nahi saioak maila kaxkarragoa izango duenik. Sei bertsolariek ere ederki erakutsi dute edozein gizonen pare kantatzeko ahalmena.
Maialen Lujanbio
Guztietan ezagunena da hernaniarra. Egungo Gipuzkoako txapelduna, Euskal Herriko azken lau finaletan izan da eta 2001ean bigarren geratu zen. Bera izan da Euskal Herriko final batean sartu den emakume bakarra eta baita Gipuzkoako txapela jantzi duen lehen emakumea ere. Zalantzarik gabe, bera da laster emakumeek bertsolaritzan izango duten protagonismoaren islada garbiena. Bertsoa lantzen maisua, umoreari nahiz gai sakonagoei zukua ateratzen dakiena da Lujanbio. Egun, plaza gehien egiten dituen bertsolarietako bat da.
Amaia Agirre
Villabonatarrak ederki erakutsia du bertsotarako trebezia. Gipuzkoako txapelketan finalera iritsi zen eta Euskal Herriko azken txapelketan maila bikaina eman zuen. Aurtengo Gipuzkoako txapelketan lehen postuetan egotea espero da. Bertsoaren jiran bizi da, Hitzetik hortzera saioan egiten du lan eta bertso eskolako irakasle ere bada. Emakumeen artean, Lujanbiorekin batera plaza gehien egiten duen bertsolaria.
Iratxe Ibarra
Muxikarra emakume bertsolari beteranoenetako bat da, gaztea izan arren urteak baitaramatza bertsotan. Bizkaiko bertsolaritzako klasiko bat da, bost finaletan egona. Bizkaiako azken finalean hirugarren postuan geratu zen. Bertsolari serioaren fama badu ere, umorea ere ederki erabiltzen duela erakutsi du Emetik bertso kabaretarekin egin dituen emanaldietan.
Oihane Enbeita
Jon Enbeita bertsolari handiaren alaba da Oihane. Oraindik gaztea izan arren, hau ere aspaldi hasi zen bertsotan eta bolada batean, plazetan presentzia handia izan zuen. Antzerkigintza eta bertsoa uztartzen aintzindaria izan zen, eta orain ere, arte disziplina ezberdinetan dabil gernikarra.
Nahikari Gabilondo
Zarauztar hau bertso munduan aspalditik badabil ere, iaz aurkeztu zen lehen aldiz Euskal Herriko txapelketara. Gazte mailan, ordea, sari ugari irabazitakoa da, besteak beste Xenpelar eta Lizardi sariak. Bertsolari segurua dela diote adituek.
Miren Artetxe
Sei bertsolarietatik gazteena da 22 urteko hendaiarra. Familiatik datorkio bertsotarako sena, bere aitona bertsozale ezaguna izan zen. Bertsozale askoren ustez, etorkizunean bertsolari handi izan daiteke Miren Artetxe. 2005eko Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen eta ederki erakutsi zuen noraino irits daitekeen. Freskotasuna da bere bertute nagusia eta ondorioz, plazaz plazako ibilirako bertsokera egokia du.
Horiek sei bertsolariak. Gai jartzailea berriz, Maite Berriozabal izango da. Berriozabal bizkaitarra da, Enbeita eta Ibarra bezala. Gipuzkoan gutxitan ikusi izan badugu ere, Bizkaian saio ugari eginak ditu gai jartzaile moduan. “Lankura deitu genuen eta gai jartzailea ere emakumea izan zedin eskatu genuen. Beraiek proposamena egin ziguten eta guri ondo iruditu zitzaigun”, azaldu du Patrik.
Gogoratu bertso jaialdi berezi hau ekainaren 24an egingo dela, iluntzeko zazpi terdietan hasita, Goikoplazan.