Lasterketa egingo dute, baina ez da nolanahikoa izango, izan ere, bikoteka egin beharko dute korrika parte hartzaileek.
Zumeatarra elkarteko kideak izan dira ekimen honen sortzaileak. “Kirol ekitaldiren bat sartu nahi genuen jai egitarauean, baina ez genuen betikotasunean erori nahi. Gogoan genuen nola duela urte asko Andoainen lasterketa mixtoa egiten zen eta aurten froga egitea erabaki genuen. Emakumeak korrika egitera animatu nahi ditugu modu honetan. Askotan spining edota aerobik bezelako kiroletan aritzendira, baina korrika egitea kosta egiten zaie. Lasterketa batean bakarrik ateratzea zailxeagoa da, baina beste norbaitek lagunduta eta animatuta, errazago animatuko direla uste dugu”, dio antolatzaile lanetan dabilen Joxean Alberdi.
Marijo Irastorza da korrika egitera animatuko diren emakumeetako bat: “Lagun batek komentatu zidan lasterketa mixtoa egiteko asmoa zeukala eta berarekin ateratzeko proposatu zidan. Baiezkoa eman nion, baina berak Quebrantahuesos egin nahi du eta Andoaingo lasterketaren bezperan da, beraz, bikote gabe geratu nintzen. Lagun bila hasi behar izan nuen eta azkenik, lortu dut”, azaldu du Marijok.
Jai giroa sortzeko asmoz antolatzen ari dira lasterketa mistoa: “Kirol lehia sortzea baino, jendeak ondo pasatzeko aukera izatea da helburu nagusia. Horregatik prestatu dugu bost kilometroko ibilbidea. Edonork bukatzeko modukoa da, ez da gogorra. Lehiatu nahi duenak, izango du aukera, baina ondo pasatzera datorrenak ere aukera polita izango du”, dio Joxeanek.
“Duela hiru hilabete inguru hasi nintzen korrika egiten, goizean lanera joan aurretik. Gustura nabil eta Behobian ere izena eman dut. Ikusiko dugu Andoaingo lasterketan zer egiten dugun. Nire helburua, parte hartzea eta lasterketa amaitzea da, besterik gabe. Jendea animatu nahiko nuke parte hartzera”, gaineratu du Marijok.
Ez da lehen aldia
Ekitaldi berritzailea bada ere, ez da Andoainen egingo den lehen aldia. “1979 urtean egin zen lehendabiziko aldiz. Gogoan dut oso giro polita sortzen zela. Hemerotekan begiratuta jakin genuen lau urtez egin zela eta aurten, berreskuratzea erabaki genuen”, dio Joxeanek.
Ekainaren 24an, San Juan egunez egingo da lasterketa mistoa, goizeko 10:00etan hasita. “Eguerdian Axeri dantza egingo da plazan eta ordurako dena amaituta izatea espero dugu. Korrikalariei ez diegu denbora mugarik jarri froga amaitzeko, baina gure kalkuluen arabera, garaiz amaituko da, izan ere, ibilbidea oinez eginda ere, berrogei minutu inguru behar dira. Axeri dantza hasterako lasterkari guztiak helmugaratuta eta sariak banatuta izango direla uste dugu”, dio Joxeanek.
Neska mutilek elkarrekin hasiko dute korrika saioa eta elkarrekin helmugaratu beharko dute. Korrika saioa egin ondoren, sariak banatuko dira. “Printzipioz ez ditugu lehenengo hiru bikoteak bakarrik sarituko, lehendabiziko hamar bikoteek jasoko dute saritxoren bat eta parte hartzaile guztien artean zerbait banatzeko asmoa ere badugu”, dio Joxeanek.
Zarautzen ere bai
Lasterketa mixtoa ez da oso ohikoa izaten: “Gipuzkoan, Zarautzen egiten da gisa honetako lasterketa bakarra eta Euskal Herri mailan ere ez dugu uste besterik dagoenik. Ekimen berria da eta jendea parte hartzera animatuko dela espero dugu. Giro ona sortzea da gure helburua, jai giroaren barruan kirolari tarte bat egitea eta jendeak ikus dezala korrika egitea denen eskura dagoen zerbait dela, maila batean behintzat, ez dela hain gogorra ere. Ondo aterako balitz, hurrungo urtean ere berriro antolatuko genuke”, dio Joxeanek.
Izena emateko Andoaingo Kiroldegira jo behar da eta lasterketa egunean bertan ere, izango da horretarako aukerarik. Goikoplazan, lasterketa hasi baino lehenago jarriko dute izena emateko puntua.