Herriko txistulariak hasi ziren musika kalejira antolatzen eta urtetik urtera, jende gehiago biltzen joan zaie. Dagoeneko ohitura denez, San Pedro egunez egiten dute musika kalejira eta horrelaxe egingo dute aurtengo jaietan ere. 19:30etan bilduko dira musikariak eta herriko txokoetan barrena jai giroa zabaltzeari ekingo diote.
Herriko txistulariak bildu ziren 2003ko lehendabiziko kalejira hartan. Adin guztietako musikariak elkartu ziren eta giro ederra sortu zen, bai taldekideen artean baita entzuleen artean ere. Lagun artean elkartu eta momentu politak igarotzeko aitzakia izan ziren entseguak eta egunean bertan ere, ederki ibili ziren.
Jarraipena
Lehen urte hartako esperientzia polita ikusita, ekimenak indarra hartu zuen eta hurrungo urtean trikitilariak eta panderojoleak gehitu zitzaizkien.
Mendizalez jantzita eta umore ederrean zabaldu zuten jai giroa herrian zehar. Berrogei musikari inguru bildu ziren, gazte eta heldu. Pixkanaka, musikari kopurua haziz joan da, izan ere, geroz eta gaztetxo gehiago animatu da helduekin batera musika joz kalez kale ibiltzera. Iaz kantu jirako taldeko kideak gehitu zitzaizkien musikariei. Pieza batzuetan elkarrekin aritu ziren, musikari hitzak jarriz.
Urtetik urtera, gai ezberdinak jorratu izan dituzte musikariek. Gaiari egokitutako jantziak soinean jarrita ibili izan dira kaleetan barrena eta aukeratutako musika piezak ere gaiarekin zerikusi zuzena izan zezaten saiatu izan dira.
Aurten ere izango da San Pedro egunez musika kalejiraz gozatzeko aukerarik. Herriko kaleak alaituko dituzten doinuak zabalduz ibiliko dira eta musika saioaren ondoren, elkarrekin afaldu eta parranda txikiren bat egiteko aukera baliatuko dute haietako askok.