Ekainaren 29an, koadrila guztiak elkarrekin bazkaldu ondoren, 17:30ak aldera hasiko da kanika txapelketako lehia estua, animatzen diren guztien artean.
“Iazko Sanpedrotan hasi ginen ideia horri bueltak ematen. Lagun artean sortu zen gaia eta urte guztian zehar, behin baino gehiagotan aipatu izan dugu kanika txapelketa egitearen asmoa. Pixkanaka, ideia hura forma hartzen hasi zen eta azkenik, festa batzordean aurkeztea erabaki genuen. Segituan eman ziguten baiezkoa eta jai egitarauean sartuta dago”, dio antolatze lanetan dabilen Rufino Garmendiak.
“Lagun taldean elkartzen garenean, askotan esaten dugu gaur egungo umeek ez dakitela jolasten. Telebista, ordenagailu eta bideojokoak oso gogoko dituzte. Gu beste modu batera ibiltzen ginela aipatzen dugu beti eta horregatik pentsatu genuen gu jolasten hastea izango litzatekeela haurrei erakusteko modu onena. Guri ikusiz haiek ere jolasteko gogoa izango dutela iruditzen zaigu”, azaldu du.
Kanikak erosi eta jolasa gogoratzea izan zen lehen lana: “Gutxi gora behera bagenekien nola jolasten zen, baina gauza asko ahaztuak genituen. Bati eta besteari galdezka ibili gara eta bakoitzak arau ezberdinak ematen zizkigun. Bi modutara jolasten ginen: txulora eta hirukira. Jaietako txapelketan txulora arituko gara ziurrenik. Jokalari bakoitzak kanika bat edo bi izango ditu eta haiek galdu arte aritu ahal izango du jolasean”.
Umore ona helburu
Giro ona eta umorea nagusituko da ekainaren 29an: “Hori da helburua. Gainera, koadrilen arteko bazkariaren ondoren izanik, jendea animatuko dela iruditzen zaigu. Gu saltsa pixka bat jartzen saiatuko gara. Koadrilen arteko pike txikiak sortzen saiatuko gara ea jai giro polita sortzen den. Hasiera batean, galtzamotzak jaztea eskatu behar genien parte hartzaileei, baina azkenik, erraztasunak ematea erabaki genuen eta ideia hori baztertu genuen. Irabazleentzat garaikurrak ere izango direla uste dugu”, dio Rufinok.
Orain, kaniketan aritzeko gunea bilatzea bakarrik falta zaie. “Herrigunetik gertu egon dadila nahi dugu, bestela jendeari kosta egiten zaiolako mahaitik jaiki eta mugitzea. Belarra kendu eta zuloak egin behar dira kaniketan jolasteko eta ez dugu oso argi non egin ez dugulako herriko lorategirik txikitu nahi. Ziurrenik Lamitegiko belazeetan egingo dugu, baina ekainaren 23an bertan egiten da San Juan sua eta ez dakigu lurra nola geratuko den. Martxaren arabera erabakiko dugu non egin”, dio Rufinok.
San Pedro egunez egingo da kanika txapelketa Asteasun. Arratsaldeko 17:30ak aldera hasiko da herritarren arteko lehia ikusgarria. Umetako garaiak gogoratu eta parte hartu nahi duenak, Asteasun du hitzordua.