Txapelketa irabazteko faborito garbirik ez, eta finalaurrekoetan gertatuko denaren zain dira jokalariak. Baikortzat jotzen dute jai egitarauan kirolari egiten zaion tartea.
Asteasuko frontoian bi kirolari bikote; lau pala jokalari. Eserlekuak goraino beteta, finala jokoan eta neurketa hastera doa. Amaieran, garaileen izen-abizenak ezagutarazi eta txapela buruan nori jarri erabakiko da. Oraindik ez da iritsi, baina uztailaren 1ean gertatuko denaren kronikaren zati bat da. Eguerdiko 12:00etik aurrera binakako Pala Txapelketako finala jokatuko da.
Norgehiagoka horretan izango diren hautagaiak nortzuk izan daitezkeen, ez dute argi jokalariek. “Iazko txapeldunak izan zitezkeen. Baina bikoteko kide bat lesionatu da aurten eta txapelketatik kanpo daude”, adierazi du txapelketa antolatzeko lanetan dabilen eta bertan parte hartzen ari den Ramon Ayerzak. Hala ere, azken fasera ailegatzeko aukerak dituela uste duenik bada. “Badira bikote pare bat”, zehaztu du Patxi Garmendia jokalariak. Baina itxaron beharra dagoela argi utzi nahi izan du.
Hain zuzen, final handi horren aurretik, azken jardunaldietan zer gertatuko den argitzeke dago. Asteburu honetan zehaztuko dira, finalerdiak jokoan baitira. Pala jokalariek kontuan hartzen baitituzte, besteak beste, kantxa faktorea delakoa. Frontoia zer nolako baldintzetan dagoen alegia. Asteasukoa berria eta handia denez, kezkatzeko arazorik ez.
Materialari dagokionez, ordea, iritziak bestelakoak dira. Ezberdinak eta pertsonalagoak. “Pilota eskuan antzematea gustuko dut”, adierazi du Garmendiak. Beltza, txuria, arinagoa, pisutsuagoa… mota guztietako pilotak. Orain, pisutsuagoa den hori kolorekoarekin jokatzen duten arren. Palari dagokionez, bataz beste, 500 gramokoa nahiago izaten dute. Hala ere, bataz besteko horretatik gorako pisua duen pala hautatzen duenik bada. “Lagun batek nahi ez zuen 620 gramoko pala eman zidan”, adierazi du Garmendiak. Eta horrekin ari da jokatzen.
KONSTANTZIA, BEHARREZKOA
Hamar bikotek eman zuten izena txapelketan. Herri mailako txapelketa izanda, asteasuarrak guztiak. Bi taldetan banatuta, elkarren aurka jokatu dute azken asteetan. Maiatzetik uztailera luzatzen den txapelketa honetan antolakuntzan dabiltzanek, zailtasun nagusi bat dute. Egutegiari lotutakoa. “Asteburuetan batzuek lan egin behar dute eta besteek, konpromisoak izaten dituzte”, adierazi du Ayerzak. Zozketa bidez, jokatu beharreko jardunaldiei eguna eta ordua jartzerakoan arazoak izaten dituzte.
Baina moldatzen dira. Zaletasun kontuetan, aldapa gutxi izaten omen da eta. Amaitzear den txapelketa honetatik harantzago, urtean zehar Asteasuko frontoiko erabiltzaile finkoak izaten dira parte hartzaile asko. Txanda hartuta, entrenamendu saioetan aritzen dira urte guztian zehar. Diotenez, pala jokalari batek pazientzia eta zaletasunaz gain, fundamentuzko jokalaria izateko konstantzia behar du eta.
steasuko jaietan kirolak bere tartea duela argi dago. Ondo pasatzeaz gain, nahi bezainbeste izerdi botatzeko adina. “Parranda ere egin behar da, baina kirola ere bai”, gogorarazi du Garmendiak. Adibide gisa jartzen dituzte, herri-kirolak edota pilota partidak. Herritarrek jarraitzen dituzte kirol modalitate hauek. Pala Txapelketaren kasuan baita; azken fasea eta finala gerturatzen diren neurrian, gehitzen doa ikusleen kopurua. Kirol jarduera hauetan parte hartu behar dutenak hitzordu horietan izango dira. Gainerakoei deialdia egiten diete kirolariek; “Animatu eta etor daitezela ikustera”, adierazi du Ayerzak.