Izagirre, alkate Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko eka. 16a, 16:15

UDAko zerrendaburuak aginduko du Urnietan, jendez gainezka zegoen ekitaldi aretoan. ANVko bi hautetsiek ere Izagirreren alde egin dute. EAJ alderdiko zinegotziek zuriz bozkatu dute herriak aldaketa bozkatu duela argudiatuz. Sozialistek, berriz, bere buruaren alde egin dute.

Ikus, argazkiak 

Bozketari ekin aurretik, Mikel Izagirrek UDAkoen helburuak gogora ekarri ditu, ororen gainetik herritarren parte hartzea defendatuz.

Florentino Ugaldek bozketaren aurretik iragarri du ez dutela alkatetzarako hautagaitzarik aurkeztuko eta zuriz bozkatuko dutela. Oposizioan politika eraikitzailea egin dutela zin egin du Ugaldek. Errespetua eskaini eta eskatu egin du eta urnietar guztiei eskerrak eman dizkie.

ANVk Euskal Herrian pairatzen duen egoera salatu eta zerrenda bozkatuenaren alde egingo dutela arrazoitu du, hainbat gairetan bat egiten dutela argudiatuz.

Gauzak horrela, bozketari ekin zaio eta hauxe emaitza:

  • Mikel Izagirre 6
  • Herme Gonzalez 4
  • Zuri 3

Bozketa amaituta, Herme Gonzalezek hitz egin du. Sozialisten izenean maiatzaren 27tik hona izan den negoziazio prozesuaren azalpena eman ditu. UDAren asmoarekiko desadostasuna agertu dute, ez baitute alderdi guztien arteko gobernu batzordean sinesten. Oposizioan kontrol lana egingo dutela adierazi dute.

Adinaren mahaiak proposatuta, ekitaldia amaitu aurretik irteten den alkateari eman zaio hitza eta alkate berriari, ondoren.

Florentino Ugaldek zorionak eman dizkio alkate berriari eta zorte ona opa die zinegotzi guztiei, bereziki hautetsi berriei.

Mikel Izagirrerena izan da azken hitza. Eskerrak eman dizkie beste alderdiei, leialtasunezko oposizioa egingo dutela iragarri dutelako. Zera gaineratu du, gobernu taldearen ateak irekita daudela urnietar guztientzat eta alderdi guztientzat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!