Andoain, herri arteko txapelketatik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko eka. 7a, 20:11

Ezin esan Andoainek galdu egin duela. Nekez Donostia irabazletzat hartu. Baina Donostiak jarraituko du lehian, eta Andoain kalera. Etxean uso, kalean otso aritu da Andoain. Joanekoan 1-2 galdu, itzulikoan 1-2 irabazi. Ordena aldatuz, Donostiak otsoen moduan hasi zuen buruz burukoa. Arraten jaun eta jabe zela erakutsi ondoren, apal-apal amaitu du kanporaketa: 1-2 galduta. Eta berdinketa nagusi denean, partida bakoitzean egindako puntuak kontutan hartzen dira. Horregatik bakarrik Azpeitiaren aurka lehiatuko dena Donostia izango da.

Hona taldeko arduradunen balorazioa: “Astean zehar kanporaketa zaila zegoela baina dena ematera atera behar genuela esaten aritu ginen behin eta berriz. Larunbata iritsi zen eta lehenengo partidan 22-0 galdu genuen. Ez genuen espero baina Arzelus Donostiako aurrelariak izugarrizko sakea dauka, Euskal Herri mailan hoberenetarikoa. Mikel Jauregik  eta Unai Maizak ezin izan zuten ezer egin.

Jubeniletan Jon Eskudero eta Aitor Ulangari kosta egin zitzaien erritmoa hartzea. Partida berdindu xamar hasi bazen ere, andoaindarrek 22-15 arazorik gabe irabazi zuten.
Nagusien partidan, arantza ateratzera irten ziren Oñatz Gonzalez eta José Mari Sagaseta. Eta biak ala biak partida borobila eginaz, 22-12 irabazi zieten Baez anaiei. Partidaren amaieran arantza kendu izanaren sentipena zuten Oñatzek eta José Marik.
Dena eman arren kanporaketa ez pasatzearen tristura kendu ezinik zegoen taldea. Kanporaketa partidetara berdindu (3-3) eta tantoetara galtzeak amorru gehiago ematen du baina gauzak ondo egiten ari garenaren sentsazioa ere badugu, iaz 4 eta 2 galdu genuen, aurten 3-3... eta datorrenean?”.

Pilotako arduradunentzat herrian sortu den giroa eta taldeak duen etorkizun oparoa garrantzitsu dira, “duela hamar urte hasi ginenean, herriarteko taldea ateratzea zela helburua esan genuenean erotzat jo gintuzten eta orain ametsa egi bihurtu denean, beste helburu batzuk jartzeko ordua iritsi da”.

Eskerrona
“Eskerrak eman nahi genieke, frontoira azaldu diren guztiei, zale horiek guztiek gabe ez ginate ezer”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!