Etxebizitzak eraikitzen jarraitu aurretik, azterketa sakona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko eka. 7a, 20:03

Datozen urteetan milaka eraikitzeko asmoa dago. Alabaina, Udal hauteskundeak igarota, etxebizitzaren alorrean emandako hainbat urrats berraztertu litezke.

[INFORMAZIO GEHIAGO, AIURRIK ARGITARA EMAN DUEN GEHIGARRI BREZIAN] 

Mikel Izagirre UDAko zerrendaburuari ekainaren 2an Noticias de Gipuzkoa egunkarian egin zioten elkarrizketan etxebizitza gaia birritan aipatu zen, “herrian mila inguru eraikiko direla esaten jarraitzen dute eta ez dugu uste Urnieta horretarako prest dagoenik”. Udaletxean sartu eta berehala, gaiari helduko diotela adierazi zuen Izagirrek.

Andoaindik gertu, Villabona herria Urnietaren tamaina beretsukoa da. Ezker abertzalearen itzulera ekarri dute ondorio nagusi bezala maiatzaren 27ko hauteskundeek. Gobernatzeko adina babes jaso dute, gainera. ANVko zinegotzi izango den Remi Aiestaranek zera adierazi berri du Aiurri hamaboskarian, “Udaletxera sartutakoan, berriki onartu diren arau subsidiarioak aztertu eta begiratu egingo ditugu. 700 etxebizitza berri eraikitzea onartu zen arau horietan eta guk herritarren benetako beharra zein den jakin nahi dugu”.
Nolanahi ere, herri gehienetan etxebizitzak eraikitzeko asmoa dago. Orokorra da. Garai batean ez bezala, ordea, gaia aztertzeko modu arrazionalagoak inposatu nahi direla dirudi. Inguruan sor litezkeen kalteak, benetako eskariaren datu bilketa, herrian handitu eta egokitu beharko liratekeen zerbitzuak... lehen ere kontutan hartuko ziren gai horiek. Orain, ordea, gehiago.

Agintaldi berrian etxe hutsak berrerabiltzeko pausuak eman nahi dira. Eusko Jaurlaritza horretan ari da. EAE osoan 26.000 dira orotara hutsik dauden etxebizitzak. Eustat-en datuei erreparatuta, Andoainen eta Urnietan milatik gora.

Aiurri astekari honen erdiko orrialdeetan etxebizitzari buruzko gehigarri berezian eskualdean eraikitzeko asmoa dagoen etxebizitza mota eta kopurua zehazten dira. Baita hainbat aholku ere alor ezberdinen inguruan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!