Sagastizarra zelaian, astoa lagun (1925)

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko eka. 5a, 19:43

Erretratu zaharren liburuak oso harrera beroa izan du herritarren artean. Batek baino gehiagok azaldu digunez, aurpegiz aurpegi eta hitzez hitz errepasatu dituzte argazkiak eta testuak. “ordu txikiak arte”. Denbora-pasa polita jarri omen diegu eskura eta konturatu gabe igarotzen omen dira orduak orriei begira. Gu pozik, noski. Gustura entzuten dira horrelako aipamenak.


Eta gustura hartzen dira erretratuen gainean informazio gehiago jasotzeko deiak. Zizurkilgo Pako Isasti eta Juliana Treku senar-emazteak goitik behera begiratu du liburua eta gertu-gertukoa zaion argazki baten berri zehatzagoa ematera prestatu da Pako. Liburua osatzerakoan, bati eta besteari galdetu arren, Asto-jana izenburua jarri genion (352 orrialdea) argazkiko partaideen izen gutxi batzuk soilik lortu genituen. Erretratu hori txiki–txikitan ezagutu zuen Pakok baserrian eta ondo gogoan gorde ditu argazkiko partaideen izenak eta istorioa. “Asto hura jan?”, zalantza gutxi du: “Ez dut uste asto hura jan egin zutenik. Gerra ondorenean, behin baino gehiagotan joan nintzen Alkizako errotara asto harekin. Pantxika zuen izena. Txikia zen, baina bizkorra. Gainean jarritakoa lurrera bota arteko onik ez zuen izaten. Gerora, ijitoek erosi eta Anoetako Tapi baserrikoei saldu zieten”. Belate baserriko kide asko ageri da argazkian, “Legarretako Belate baserrian sagardoa saltzen zuten. Sagastizarra zelaian atera zuten argazkia bazkariren baten ondoren. Atzean, Belkoain eta Buruntza mendiak ageri dira. Aztain baserria ere bai, zuri-zuri”. Belate baserriko senideen artean, Pakoren ama soilik falta da, “jaioberria nintzen eta ni zaintzen geratuko zen. Ez dakit egun hartan zer bazkalduko zuten, baina astorik ez, ia seguru”. Astoa jatea, ordea, ez zen hain kontu arraroa. “Belaten egin omen zuten behin asto-jana. Txantxetan arrantzaka hasi ziren bazkaltiarrak, baina azkar amaitu ziren txantxak. Batek baino gehiagok botaka amaitu zuen janak kalte eginda”. 

Zutik, ezker-eskuin: Jeronimo Urrestaratzu, Gurrutxaga (Jeronimoren emaztea), Aszensio Isasti, Maria Victoria Isasti, Agustin Urkola, Plazido Urrestaratzu, Zizurkil Goiko Sietso baserrikoa, Pedro Urrestaratzu, Zezilio Etxezarreta, (ezezaguna), Jose Manuel Otegi, Santiago Urrestaratzu, Migel Aginagalde, Silvestre Urrestaratzu, Jose Inazio Urrestaratzu, Esteban Torregarai, Martzelino Usabiaga, Maria Tejeria eta Santiago Urrestaratzu.

Eserita, ezker-eskuin: Viviana Urrestaratzu, Juanita Urrestaratzu, Leontxo Urrestaratzu, Gurrutxaga, Tomas Urrestaratzu, Hilario Galartza, Patxi Isasti, Iturraldeko Antonio, Eujenio Garmendia, Aizmendizabaleko Martin, Bernardo Urrestaratzu eta Fermin Garaialde.

Irudiko hogeita hamaika pertsonetatik, soineko zuriz jantzitako neskatila soilik bizi da egun: Maria Victoria Isasti, Donostian.

Okerrak zuzenduz

Horrenbeste aurpegi eta izenen artean nahastea ezinbestekoa denez, hara hementxe zuzenketa pare bat. 367 orriko soltera despedidan dantzan ageri diren emakumeen artean, –liburuaren azalean ere ageri da irudi eder hori-, Juanita Aiestaran aipatzen dugu besteren artean. Juanitaren ahizpa Maritxu Aiestaran Lizarraga da argazkikoa, ordea.

Bestalde, Martin Agirre Kubatik Villabonara itzuli zenean, Alkorta-enea etxearen azpialdean zegoen ardotegia erosi zuela genion. Oker dago datu hori, ondoko etxean, Remigio-enean erosi zuen ardotegia: Remigio Aiestaranena, hain zuzen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!