Ezker abertzalearen itzulera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko eka. 5a, 19:34

Joan zen maiatzaren 27an, herritar asko gerturatu zen Olaederra kiroldegira bere botua ematera. Beste asko etxean geratu zen. Abstentzioa uste baino altuagoa izan zen.

Botuen zenbaketaren emaitza alaiagoa izaten da beti irabazleentzat. Nabaria zen hori joan zen maiatzaren 27an ere. 

EAE-ANV: 1088 bozka (6 zinegotzi)

Ezker abertzaleak 250 botu pasatxoko aldea atera dio EAJ-PNVri, berriz ere udaletxeko nagusitasuna eskuratuz. 1999ko Udal hauteskundeetan, herritarren 1184 botu jasota, alkatetza lortu zuen garai hartako EHk. 2003 urtean legez kanporatua egon zen eta ondorioz, Udaletik kanpo geratu zen. Herritarrek haien aldeko apustua egin dute berriro ere. Herrigintza indartzeko gai direla erakutsi beharko dute aurrerantzean.

EAJ-PNV: 829 bozka (5 zinegotzi)

Aurreko legealdian gehiengo nagusia lortu zuen, 1654 boturekin. EA alderdiarekin koalizioan aurkezteak eta ezker abertzalea legez kanporatuta egoteak ahalbideratu zuen aukera hura. Oraingoan ordea, herriak ez du EAJ alderdiak alkatetza errepikatzerik nahi izan. Alderdiaren barruan izandako ika-mikek izango zuten eraginik; herritar asko, herrigintzan egin duten lanarekin ados ez egoteak ere bai.

PSOE-EE: 245 bozka (zinegotzi 1)

Aurreko hauteskundeetan izan zituzten emaitzak errepikatu dituzte oraingo honetan ere. Orduko hartan, sei botu gehiago jaso bazituzten ere, ia-ia parean daudela esan daiteke. PSOE-EEk zinegotzi bat izango du legegintza honetan ere udaletxean.

EB-ARALAR: 206 bozka (zinegotzi 1)

2003 urtean, 164 botu jaso zituen EB alderdiak. Bakarrik aurkeztu zen hauteskunde haietara. Oraingoan Aralarrekin batera aurkeztu izanak, indar pittin bat gehitu dio: 42 botu gehiago jaso baititu azken hauteskundeetan. Zinegotzi bat errepikatuko dute udaletxean

PP: 124 bozka (0 zinegotzi)

Aurreko legegintzan, PPk Villabonako Udalean zinegotzi bat izatea lortu zuen lehen aldiz. Hauteskunde haietan, alderdi guztien bozkek berdin balio ez zutelako lortu zuten Udalerako sarrera. Azken hauteskunde hauetan behera egin dute, 74 botu gutxiago lortuz. Ez dute udaletxean tarterik izango.

Abstentzioa: Azpimarratzekoa da boturik ez ematea erabaki duen herritarren kopurua oso altua izan dela. Oro har, EA alderdiak botu asko jasotzen du Amasa-Villabonan. Hauteskunde hauetara aurkeztu ez izanak abstentziorako joera indartu du eta PNV-ri egin dio minik handiena.


Remi Aiestaran, EAE-ANVko kidea

Remi Aiestaran EAE-ANV zerrendako bigarrena da. “Gure helburua 1000 bozka jasotzea zenez, helburua bete dugu eta gustura gaude. Ez genuen espero beste alderdiak horrenbeste jaisterik. Herriak aldaketa eskatu du eta gure alde egin du; herrian bizi garelako eta herritarrentzat lan egiten dugulako. Ezker abertzaleak txukun egin du lana bere eremuetan”. Datorren ekainaren 16an izango da udaletxeko gobernu aldaketa. “Ez dugu uste pakturik egingo dutenik, herritarrek eskatu baitute Udal aldaketa. Gure lanari dagokionez, lehenengo eta behin, gure artean egin beharko dugu lan banaketa eta antolaketa. Udaletxera sartutakoan, berriki onartu diren arau subsidiarioak aztertu eta begiratu egingo ditugu. 700 etxebizitza berri eraikitzea onartu zen arau horietan eta guk, herritarren benetako beharra zein den jakin nai dugu”. Remik esker oneko hitzekin amaitu nahi izan du, “mila esker herritar guztiei azaldu diguten konfiantzagatik”.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!