Badatoz. beste behin, Euskal Jaiak. Asteburu honetan, parrandarako tarte zabala hartuko du batek baino gehiagok antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko.
Astebete atzeratu da aurtengoan, baina ez da horregatik iazkoarekin alderatuta haren azpitik geratuko. Dagoeneko azken egun hauetan zehar bereziki haur eta gaztetxoei zuzendutako hainbat ekitaldi ospatu diren arren, egitarauko zatirik mardulena asteburu honetarako iragarria dago. Euskal Jaien suziria ostiral honetan, ekainak 1, piztuko da eta igande iluntzera arte bizirik mantenduko du jai giroa Urnietan.
Aipatzekoak dira Poxta Zahar elkartekoek prestatu duten eskaintza zabala. Mus txapelketarekin batera, tabernaz tabernako osteratxoa trikitixaz lagunduta egingo du batek baino gehiagok larunbat eguerdian. Trikipoteoak zaletu ugari bilduko ditu, baita gero ere, bazkaritarako San Juan Plazan. Hala ere, gazteei zuzendutako ekitaldiak ez dira hor amaituko. Urnieta Rock Jaialdia ospatuko da Saroben. Cohen talde urnietarraren partehartzea iragartzen da eta DJ Katorro Lee gaua amaitzeko. Larunbat gauean Abiba Diskojaia.
Desafioak bere tartea, gunea edo txokoa erreserbatua du. Igande arratsaldean Plazido Muxika plazan Izaskun eta Urnietak herri kiroletarako duten iaiotasuna neurtuko da hamaika probatan. Dagoeneko, pasa den maiatzaren 27an ospatu zen Izaskunen joaneko lehia. Oraingoan, itzulerakoan erabaki daiteke nortzuk diren hobeak. Ez dute oso erraza izango izaskundarrek. Bestela gogoan hartu Sagarrondotik jaialdiko herri kirol lehian, orain artean, nor nagusitu den Buruntzaldea mailan.
“Urnieta Dantzan” jaialdia
Goitibeheretarako ere zaletasuna indartzen ari da Urnietan. Azken urteetan berreskuratzen ari den txapelketarako tramankulurik onenak prestatzen ariko dira honez gero. Beti ere indarrak ondo koordinatuta, aldapa ahalik eta modu azkar eta arinean jaisteko. Eta bira guneetan ahalik eta molda errazena izateko. Minik ez hartzeko alegia.
Kirola ere haurren programazioko ardatzetako bat izango da. Udal kiroldegian kirol festa erraldoia izango dute larunbatean, egun osoan zehar. Bertako zein Gipuzkoako beste hainbat txokoetatik datozen gaztetxoek hainbat kirol probatan parte hartuko dute. Lehiarik ez da izango, festa giro ederra baizik. Baina ez hori bakarrik, haurrei zuzendutako ikuskizunen karteldegian aipatzeko bi izenburu baitaude; “Magic Clown” Sun magoarekin eta pailazoekin, eta”Txiki Truk”.
Euskal Jaiak euskal dantzen topaleku ere bihurtuko dira. Egape Dantza Taldeak Urnieta Dantzan Eguna antolatu baitu. Ekimen horretan bilduko dira herriko zein Euskal Herriko geografiako bi puntu ezberdinetatik datozen beste bi dantza talde ere; Basurtoko Beti Jai-Alai dantza taldea eta Lesakako Tantirumairu Euskal Folklore Taldea. Parte hartuko duten 172 dantzarien kalejira Plazido Muxika plazan amaituko da edota eguraldi txarrarekin frontoian eskainiko duten dantza saioarekin.
Beraz, non nahi eta noiz nahi jai giroa asteburu honetan Urnietan. Ondo pasatzeko aitzakia ugari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!