Maiatzaren hogeita hamarra, goizeko bederatziak. Udaletxean dira Estanis Amutxastegi, Jose Luis Vela eta Josean Perez Gabarain. Dagoeneko agintaldi berrian egongo balira bezala ikusten zaie, normaltasun osoz lanean. Berriz ere alkate izateko aukera guztiak dituen Gabarainek erantzun ditu Aiurrik eginiko galderak:
Aurreko igandeko emaitza ikusita, Udalerrian zuen posizioari eutsi egiten diozuela dirudi...
Josean Perez Gabarain. Zalantzarik gabe, bai. Urte luzez berdinketa teknikoa izan da sozialisten eta abertzaleen artean. Herritarrek ulertu dute gauza handiak egin direla.
Nabarmenduko nuke andoaindarrek udal proiektua babestu dutela. Hartu, bestela, gainerako alderdi politikoen programak. %65-80 artean beretsua da egitasmoei dagokienez.
Abertzaleek ez dute ondo egiten asmatu. Baina hori bakarrik esatea ez da nahikoa. Abstentzioak ere guri kalte egin digu.
Zuen aurreikuspenak gainditu egin dituzue, gainera...
Futbolean erabiltzen den adibidea ipiniko dut. Partidak 90 minutu irauten du baina lau minututan bi gol sar diezazukete. Bagenekien azken unerarte lan gogorra egin beharra zegoela eta guk etxeko lanak egin ditugu. Gure esfortzua handia izan da. Etxez etxe joan gara eta oso ondo hartu gaituzte.
Lantalde baten garaipena da. Eta baita familia askorena ere bai, gure alde egin behar zutela erabaki dutelako. Auzotan, baserritarrekin, euskararen alde... hori guztia irudikatu da gure garaipenean. Alde handiarekin irabazi dugulako, gainera.
Ekainaren hamaseira bitarte zenbat bilera egingo dituzue?
Hausnartzen jarraitu beharra dago, aukera berriak daude.
Alderdiaren analisiaren zain gaude. Guk presarik ez dugu, 8 zinegotzirekin aise goberna daiteke baina, aukeran, gehiengo osoarekin lan egitea nahiago dugu.
Egitasmo potoloak ditugu zain, Plan Orokorra esaterako. Guk hitzartzeko askatasuna eduki nahi dugu, hori da alderdiari eskatu dioguna. Lehen ere hori bera eskatu genion.
Beraz, aukeran, gobernu hitzarmena nahiago?
Bai. Erosoagoa da. Pertsonen arteko errespetua eta leialtasuna kontutan hartuz, programan oinarritu behar da hitzarmena.
ANVk dagokiona aldarrikatuko du. Zer diozue zuek?
Nire erantzuna? Legalitatea. Garai batean ezker abertzalean aritutako adineko jendea ezagutu nuen, zinez jende zintzoa. Abertzaleak eta langileak ziren, gaur egungoarekin zerikusirik ez du.
Alderdiok legea betearazi beharko genuke. Txantaian eta estorsioan oinarrituriko kanpaina egin dute, gainera. Kontrakoa pentsatzen badute ere, horrek eragin handia du abstentzioan. Jendea beldurrez izaten delako. Askatasunez botoa eman duten bakarrak ANVkoak izan dira.
Udalgintzari begira, noizko egongo da Plan Orokorra?
Urnietan egin zuten bezala, agintaldia amaitu aurretik Planaren Aurrerapena aurkez genezakeen geuk ere. Baina ez genuen egin koherente izan nahi dugulako. Aholku Batzordea onartu behar da lehenik, modu horretan herritarrek ere parte har dezaten.