Mikel Izagirre UDAkoari elkarrizketa

Begirada guztiak Mikel Izagirreri eta UDAri jarrita daude, hautagai guztien artean bera izan baita boto gehien biltzeko gai izan dena. Kalean jende askoren galdera da, “eta orain zer gertatuko da?”. Iraulketa politikoaren erantzule nagusienetakoari elkarrizketa egin dio Aiurrik. Azken orduko ezustekorik ez badago, Izagirre izango da alkate ekainaren 17tik aurrera.

Emaitzak lortu eta 24 ordura, zein da zure sentsazioa?
Mikel Izagirre.
Euforia, baina serenitate eta ardura guztiarekin. Igande gauean gure egoitzan hori nabari zen giroan. Guk uste baina emaitza hobeak lortu ditugu, herritarren erantzuna jatorra izan da.
Baina ez dugu ahaztu behar aurretik egindako lanaren erantzuna dela igandekoa. Ez da bapateko kanpaina izan, gogora ekarri behar ditugu hautesle zerrendarako bildu genituen 900 firmak. Hor baziren sintoma batzuk eta, batez ere, azken egunetan plataformako kideen artean nabaritzen genuen gogo bizia zegoela. Gure aldekoak pilatzen ari ginela jakitun ginen: “Halako familikoak, hura eta besteak” gure alde egingo zuela zioten.
Gauza asko enkajatzen ari ziren.
Gure emaitza sorpresa da, baina egindako lanaren emaitza. Hori bai, beste batzuren hekatonbea…

Zer esan bozka eman dizuenei?
M.I.
Lehenik, botoa eman diguten 820 herritarrei, milaka esker. Eta soberan geratzen diren esker horiek urnietar guztiei, denen alde egingo dugulako lan.

Eta gainerako herritarrei?
M.I.
Zalantzarik ez izan denen alde egingo dugula lan. Gu egiteko sartuko gara udaletxean, gutxienez gure esku dagoena egiteko. Herritarren parte hartzea bermatuko dugu. Herritarrak udaletxean sartu nahi ditugu eta ez dira hitz hutsak, konpromiso sendoa baizik.

Alkate ikusten duzu zure burua?
M.I.
Printzipioz, bai. Boto gehien jaso dugun indarra gara. Beraz, eskubide osoarekin eska genezake.

Zu zeu animikori ere bai?
M.I.
Bai, bai, zergatik ez? Are gehiago herritarren bultzada atzean dugunean. Horretarako lehiatu gara. Gehiengo osoa edukiko bagenu bezala prestatu dugu programa.

Eta zu alkatetzatik kentzeko akordiorik ez duzu aurreikusten, ezta?
M.I.
Ezinezkorik ez dago ezer, baina herrian gertaerak joan diren bezala… itxuraz ez da horrelakorik ikusten. Ez dago gure esku, gehiengo osorik ez dugulako. Ez dugu aurreikusten alkatetza galtzea baina nork daki…

Goazen harira, emaiguzu hauteskunde hauen zure analisia…
M.I.
Prepotentzi gehiegi izan da azken urteetan. Hainbeste alerta eman ditugu! Ez dira kasualitatez sortu hainbeste mobilizazio. Herri ekintza ugari egon da, dozenaka herri batzar ehunka eta ehunka pertsona diferenteekin. Erraustegia dela, arau subsidiarioak direla, autobia dela… Herri mobilizazioa gorpuzten joan da, aurreko guztiaren ondorena da.
ANV batetik eta UDA bestetik, boto pilaketa hori… izugarria da hori. Irauli egin da egoera Urnietan.

Lehen indarra izateak aginte maila emango dizue baina hitzarmengintzan sakondu beharko duzue…
M.I.
Noski, besterik ez dago. Baina guk hitzarmena herritarrekin egin nahi dugu eta gainerako alderdi politikoak horretara behartu nahi ditugu.

UDA ez da IU…
M.I.
Ez, eta nik uste oso garbi geratu dela. Zerbait gari geratu bada, horixe bera da. Eta bestela konpara ditzatela Udal eta Batzar Nagusietarako datuak.

Esperientzia eza oztopo izango al da?
M.I.
Herrigintzan beste edozeinek baino gehiago daukagu. Gizarte gaietan eta giza mugimenduetan , udaletxean izan diren batzuk neofitoak dira gure ondoan.
Bestalde, gure plataforman dagoen makina bat urnietar ekimen pribatuan gestio lanetan esperientziaduna da.

Defini itzazu zure hautagaitzako beste hiru hautetsiak.
M.I.
Bat, honestidate osoko pertsonak dira. Bi, herriari entzuteko disposizioan daude. Hiru, ahal dudan guztia egingo dutela ez dut inolako zalantzarik.
Eta zera gaineratu nahi dut, ez dira haiek bakarrik izango. Atzean lantalde osoa edukiko dugu.
Bi konpromiso hartu ditugu, bestalde. Gure taldeko guztiok konpromisoa hartu dugu taldearen iritzira behartuta egongo garela, zinegotzi izan edo ez izan. Eta bestetik, UDAko partaide bezala lehen irabazten genuen soldata berdina irabaztera konprometitzen gara. Hori plataforman barruan egin genuen lehen eta herri osoaren aurrean egingo dugu orain. Ea zein beste taldek egiten duen hori. Hitz egingo dugu aurrerago.

Zenbat bilera beharko dira ekainaren 16ra bitarte, karguak hartzen diren arte
M.I.
Behar diren guztiak. Ikusi behar etorkizuna nola datorren eta ea beste alderdiek zer jartzen duten…

Eta ekainaren 17tik aurrera hondakinen tratamendua, irakaskuntza zentroa , herritarren foroa…
M.I.
Mahai gainean daude eta ez dugu puntu bakarra ere erretiratzen. Gauza horiek denak martxan jartzeko  borondatea dugula zalantzarik ez eduki.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!