Udal hauteskundeen emaitzei erreparatuta, Andoainen ANV bigarren indarra izan da. D’hont legea aplikatuz lau zinegotzi dagozkie. Haien datuen arabera, PSE, PNV, PP eta Aralar alderdiek eskuratutako hautetsi bana.
Egun horretan bertan izango dira, legeztatuta eta ordezkaritza eskuratu duten gainerako udal hautetsiak. Sozialistek gehiengo osoa eskuratzeko zinegotzi bakarra behar dute. Azken urteetan bidelagun izan den PP izan liteke gobernu taldeko kidea agintaldi berrian. Jeltzaleek etorkizuna lantzen hasi beharko dute, hautesleen aldetik jaso duten emaitza oso kaskarra izan baita.
Analisia, alderdiak banan bana:
- PSE-EE (2.363)
Udal hauteskundeetan, hirugarrenez jarraian, 2.000 bototik gora jaso ditu Gabarainen zerrendak. Etxeko lanak egin dituztela esan daiteke. Zaharren egoitzako afera edota haurtzaindegiaren afera kaltegarri izan zitezkeela zirudien baina ez da horrela izan. 2006ko azaroan Gabarainek bere burua alkatetzarako aurkeztu zuenean oso seguru zeuden garaipenarekin.
- ANV (1.539)
Ezker abertzalearen egoera erabat distortsionatu denez, zail da interpretazioak egitea. Oso egoera bitxian dago ANV. Alderdia legala da baina Andoaingo herri ordezkaritza ez. Nolanahi ere, 2003an baldintza beretsuan aurkeztu zen eta 1.500 botoei eutsi die. Etxeko lanak egin dituztela esan daiteke, bigarren indarra izan da. Nahiz eta 1999. urteko emaitzetik oso urrun egon. - EAJ-PNV (1.186)
Iñaki Egibarrek ezin hobeto definitu zuen egoera Aiurrik argitara eman zuen argitalpen berezian: Ogasuneko afera, Josu Jon Imazen adierazpenak... horiek guztiak jeltzaleen kalterako izan dira. Aurkeztu duten zerrendan ere egon daiteke frakasoaren arrazoietako bat. Etorkizunera begira gogor lan egin beharko dute galdutako posizioa berreskuratzeko. Koalizioan joateak on egiten die. - EB-ARALAR (627)
Boto intentzioa neurtzen zuten hainbat inkestetan 800 boto inguru jasoko zituztela adierazten zen. Kanpainak iraun duen asteetan ezker abertzaleak ondo eutsi dio bere botuemaleari eta ezkerreko eta abertzale diren zenbait etxean geratu dira. Koalizioak IUren datuak igo ditu, Aralarri esker. Izan ere, Andoaingo IUk hainbat boto galdu ditu barne eztabaidak direla medio. - PP (581)
Azken hamasei urteetan eskuratu duten emaitzarik kaskarrena izan da. Paradoxikoa da oso PPre egoera. Gobernu taldean izan dira, inoiz baino gehiago inplikatu dira udalgintzan eta aspaldi ez bezalako beherakada pairatu dute. Dagoeneko ez da hain beharrezkoa da bere parte hartzea. Nolanahi ere, sozialistak gehiengo osotik zinegotzi bakarrera daude eta PP izan daiteke bidelagun. - EA (525)
Zapuztuta zeuden hauteskunde gauean bertan. Bi zinegotzi eskuratzea ziurtzat jotzen zuten eta soilik Gabino Agudo egongo da agintaldi berrian. Koalizioaren aldekoa zen EAko zerrendaburua baina, alderdiaren aginduari jarraituz, bere kabuz aurkeztu ziren. EAri eta EAJ alderdiari kalte handia egin die koalizioa ez errepikatzeko erabakiak. Ondo baliatu beharko dute lortutako ordezkaritza.
Emaitza
- EA 525
- EAJ-PNV 1186
- IU-ARALAR 627
- PP 581
- PSE-EE 2362
- ANV* 1463
Zinegotzi kopurua
- EA 1
- EAJ-PNV 4
- IU-ARALAR 2
- PP 2
- PSE-EE 8
Batzar Nagusiak:
- EA 479
- EAJ-PNV 1257
- IU-ARALAR 681
- PP 650
- PSE-EE 2240
- Baliogabeak* 1497
Balorazioak, maiatzaren 27an bertan eginikoak:
IÑAKI EGIBAR, EAJ-PNV
Irungo Ogasunean gertaturikoa, Josu Jon Imazen adierazpenak, koalizioanez joatea, Jon Jauregiren afera... elementu horiek guztiek eragin dute gure aldekoak etxean geratzea.
Ez dira joan beste alderdietara, abstentzioa gurea dela esan daiteke.
AINARA AUDIKANA EAE-ANV
Balorazioa baikorra da, prozesuaren norabidean. Andoaindarrek bere eskubideen aldeko bozka txukuna eman dute. Orain gakoa horretan dago: ia andoaindarren eskubideak errespetatuko diren edo ez.
Guk udalgintzan egoteko borondatea badugu, ikusi behar gainerako alderdien jarrera zein den.
JUAN CARLOS CANO PP
Abstentzioa oso indartsua izan da eta alderdi guztiengan izan du eragina. Alderdi sozialistaren papera indartu egin da, eta jeltzaleek herritarren zigorra jaso dute. Besteok antzeko posizioari eutsi diogu.
GABINO AGUDO, EA
Herriak nahi izan duena emaitzatan dago, eta zer esan, guk jipoi handia hartu dugula.
Koalizioan ez joateak kalte handia egin digu. Bagenekien horrela izango zela, baina ez hainbesterako