Zaldi eta behorrak izango dira protagonista eta ekitaldi ezberdinak antolatu dira horren inguruan.
Larunbatean elkartuko dira zaldunak Asteasun, zaldi lasterketak egiten diren gunean. Goizeko 09:00etan gosaldu eta 10:00etan orientazio froga bat hasiko da. “Iaz, oinez egin genuen gisa honetako froga, umeekin. Polita iruditu zitzaigun eta zaldiz horrelako zerbait egitea proposatu ziguten Federazioko kideek. Lagunen artean egitekotan hasi ginen, baina azkenean jende asko animatuko dela uste dugu. Arratsaldeko 17:00ak inguruan amaitutzat emango da orientazio froga eta afalordua iritsi arte, erakustaldiren bat izango da”, diote antolatzaile lanetan dabiltzan Iñaki Tolosak eta Mari Jose Gordillok.
Country kontzertua
“Ikustera ere jende asko hurbilduko dela uste dugu. Gauerako country musikako kontzertua antolatu dugu. Hiru talde etorriko dira: Stay blues, Conor eta Charly. Txozna bat ere egongo da. Karpa handi bat jarriko da gunean kontzerturako eta, gaua bertan pasa nahi duenak ere, aukera izango du bertan”, azaldu du Iñakik.
Igandean elkarrekin gosaldu eta Asteasuko inguruak ezagutzeko aukera izango dute zaldunek. 14:00etan Olarrea Goikoa jatetxean elkartuko dira bazkaltzeko. “Asteburu horretan parte hartzeko ez da izen emateagatik ordaindu beharrik izango, norberak bere afaria eta bazkaria ordaindu beharko ditu, besterik ez. Eskertuko genuke etortzeko asmoa dutenek aldez aurretik deitzea, jende kopurua zenbatekoa izango den jakiteko”. Hiru telefono zenbaki jarri dituzte horretarako: Iñaki Tolosa (607 831 797), Gari Lasa (635 741 564) eta Denis (618 328 494).
“Iparraldetik, Nafarroatik eta beste toki askotatik jendea etorriko dela badakigu. Zaldiak edukitzeko tokia, jana eta ura bertan egongo dira, baina komeni da gauez hemen utzi behar duenak denboraz abisatzea, arazorik izan ez dadin”, diote. Asteburu polita pasatzeko aukera paregabea izango dute zaldi zaleek Asteasun, ekainaren 2 eta 3an.