Maiatzaren hamabostean eginiko bilkuraren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide zuzendaritzak N-1 errepidean zehar aurrera eraman nahi zuen egitasmoa atzera bota eta, Andoaingo Udalari ibilbidearen ikerketa sakona egin behar dela aditzera eman zion.
Sorabillatarrek garaipen moduan hartu behar al dute erabakia? Azken urteotan izandako borrokan pozik egoteko moduko albistetzat uler daiteke erabaki hau. Ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Errepide sare berriaren ibilbidea auzoarentzat oso kaltegarria izan daitekeelako. Horregatik, auzo elkarteak zuhurtziaz jokatu nahi du eta Udal agintariekin bildu arte ez du baloraziorik egin nahi. Gehienbat, auzo elkarteak jakin nahi du zein neurriraino aldatu ahal izango den N-1 errepidearen etorkizuneko ibilbidea.
Foru Aldundiaren erabakia ikusita, Andoaingo Udalak alderdi politiko guztien oniritziarekin azken hilabeteotan eginiko alegazioek fruitua eman dutela esan daiteke. Irekitzen den denbora tarte berrian alternatibak aurkezteko epea zabaltzen da. Gaizki ulerturik ez bada egon, behintzat, ibilbidean aldaketak proposatu ahal izango dira. Horixe eman zen aditzera Andoaingo azken Udal batzarraldian. Han esandakoaren arabera, Andoaingo lurrak zeharkatuko dituen N-1 errepidearen ibilbide berria zehazteko garaian proposamen berriak kontuan hartu ahal izango dira. Besteak beste, irekitzen den prozedura berriaren arabera, azterketa berri hori iritzi publikoari erakutsi beharko zaio nahi duen orok alegazioak aurkez ditzan.
Hori horrela gertatzen bada, Andoaingo herri mugimenduen, alderdi politikoen eta Udalaren lorpena izan dela esan daiteke.
UDAL KONTSENTSUA
Andoaingo Udalak, azken garaian gai horren inguruan erakutsitako kontsentsu bera erakusteko aukera paregabea dauka etorkizunean. Gai hori dagokion Udal batzordean eztabaidatuko da, bertan auzo ekimen ezberdinak partaide izango direla espero da.
Lorpen horren inguruko merituei dagokionez, Gabarain alkateak, maiatzaren hamazazpian eginiko batzarraldian "herriko elkarteen, alderdi politikoen eta Udalaren garaipena da", adierazi zuen. Ildo berean, Xabier Huitzi zinegotziak zera gaineratu zuen, "ez da dominak zintzilikatzeko unea. Denok egin dugu zerbait, baina lanik gehiena herri elkarteena izan da. Haiek eraginda egin dugu guk lan".
UDALAREN AZTERLANA
Udalak duela hilabete gutxi Injelan enpresari Andoaingo herriaren interesak defendatzeko eskatu dion azterlanak berebiziko garrantzia hartzen du orain. Herritarren interesak defendatuko dituen txostena lantzeko 33.600 euro bideratuko dira.