Zein da EAren balorazioa azken lau urte hauetan Udal gobernuan egindako lanaz?
Gu ere parte izan garenez, balorazioa positiboa dela uste dugu. Emaitzak oraindik ikusten ez baditugu ere, proiektu asko jarri da martxan. Ubareko eraberritzea, etxebizitzak, bidegorria… Laster ikusiko ditugu egindako lanaren ondorioak.
Oposizioko alderdien lana nolakoa izan dela esango zenuke?
Udaleko oposizioaren lana testimoniala izan da. Jarrera oztopatzailea eduki dute sarri. Proiektu askotan, nahiz eta eurak ados egon, aurka egin dute aurka egiteagatik. Ez da batere jarrera positiboa izan.
Azken bi legegintzalditan ez bezala, bakarrik aurkezten zarete. Zerk banatu zaituzte EAJtik?
EAko kideen batzar batean hartu zen bakarrik aurkezteko erabakia, EAk gizarteari eskaintzeko proiektu propioa duelako. EAren politika aurrerakoiagoa da EAJrena baino, sozialdemokrazian sakontzea da gure helburua. Besteak beste, ondasunak hobeto banatzea. Gainera, aipatu behar da lehen ere bakarrik aurkeztu izan garela, ez dela lehen aldia.
Hauteskunde ostean, EAJrekin gobernu koalizioa berritzeko asmorik bai?
Ikusi egin beharko da. Emaitzen arabera izango da hori. Garbi dago EAJrekin harreman onak ditugula, baina ikusiko da zer gertatzen den. Guk espero dugu aurreko aldietan bakarrik aurkeztu izan garenetan lortutako emaitzetara iristea, horiek berdintzea espero dugu, baina maiatzaren 27an ikusiko da.
Beste behin ere Zizurkilgo gizartearen zati handi bat ordezkaritzarik gabe geratuko da. Zein da EAtik egiten duzuen irakurketa?
Gu Alderdien Legearen aurka gaude, EAk behin baino gehiagotan aldarrikatu du hori. Euskal Herriaren eraikuntzan beharrezkoa da Ezker Abertzalearen presentzia. Baina, aldi berean argi dugu Ezker Abertzaleak biolentziatik urrundu behar duela, bide demokratikoetan sartu behar dutela, denen onerako izango baita. Ikusiko dugu Ezker Abertzaleak zenbat bozka jasotzen dituen, eta horren arabera erabakiko dugu euren presentzia nola bermatu, baina guk legea beteko dugu.
Datozen lau urteetarako, ba al da EAtik garrantzia berezia ematen diozuen proiekturik?
Martxan jarri diren proiektuak behar den bezala egiten direla ziurtatu behar da. Horrez gain, gustatuko litzaiguke Zizurkil “Euro hiri” bihurtzea. Hau da, herritar guztientzat bizi kalitate ona bermatuko duen herria, gazteentzat etxebizitza izango duena, zaharrentzat guneak izango dituena, umeentzat parkeak, garraio publiko ugaria izango duena… Herri jasangarri estetiko eta irisgarria lortu behar dugu. Ingurumenari arreta berezia eskainiko dion herria nahi dugu, oztopo arkitektonikoak ezabatuko dituena. Gainera, teknologia berriak sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, bai lan munduan eta baita eskolan ere. Azken finean, aurrera begiratu behar dugu, herri ireki bat izanez.
Zein mezu helaraziko zenieke zizurkildarrei?
Ilusio handiarekin aurkezten garela eta orain arte bezala, zintzotasunez saituko garela gure lana betetzen, elkarrizketa honetan aipatutako zutabeetan oinarrituta. Horregatik eskatzen dugu botoa.