Zer balorazio egiten duzue PSE-EEtik, amaitzear de legealdian Udal gobernuak egin duen lanaz?
Balantze orokorra negatiboa da, batez ere Udaletik oso informazio gutxi eskaini digutelako oposizioko kideoi. Egungo Udal gobernuak aurrekoak egindako lanaren jarraipena egin du, EH-k egindakotik berrikuntzarik gabe. Salbuespen bakarra Ubare zaharberritzeko proiektua izan da, eta lan horiek egitea guk butzatu dugu bereiziki. Gainontzean, salagarria da herri lanetarako dagoen jende kopuru txikia, lau urte hauetan konpondu ez duten arazoa. Izan ere, Udal aurrekontuetan dirua egon da beste gauza batzuetarako, esaterako presoei laguntzeko. Hori bai, biktimez ez dira oroitu.
Eta zer balantze egiten duzue oposiziotik egin duzuen lanaz?
Lan zaila eta neketsua izan da informaziorik ez genuelako, batez ere eguneroko lana egiteko. Gu saiatu gara herrian zabaltzen politika ulertzeko modu ezberdinak daudela, ez soilik pentsamendu abertzalean oinarritutakoa. Guk uste dugu udaletxe bat aniztasunean eratu behar dela, Zizurkil herri anitza delako, eta hori da batzuk ulertzen ez dutena. Aniztasun hori onartzen dugun seinale da ahal dugun talde eta pertsona guztiekin elkartu garela.
Zein dira PSE-EErentzat datozen lau urtetarako lehentasunak?
Zizurkilgo sozialistentzat lehentasuna dira lan duina, etxebizitza, hirigintza jasangarria, herri mailako garapen ekonomikoa, berdintasunera bideratutako politika, dependentzia legean Udalaren parte hartzea sustatzea, integrazio soziala eta ingurugiroaren babesa. Horiek dira gure ardatzak eta horien alde egingo dugu lan. Saiatuko gara indarrak biltzen garapenaren bidean, ongizatearen bidean, askatasunaren bidean, berdintasunaren eta justizia sozialaren bidean.
Zein dira zuentzat lehentasun osoa duten proiektuak?
Etxebizitzak egitea eta auzo ezberdinen arazoak konpontzea da lehentasuna.
Zu zeu ez zara euskal hiztuna, eta euskarari dagokionez, Udalak egin duen politika kritikatu duzu. Zer da zuk euskarari dagokionez proposatzen duzuna?
Ez da egia guk Udaletik eramandako euskara politika kritikatu dugula, soilik hainbat ekintzetan ez gara ados egon. Guk alternatiba bat daukagu, PSE-EEk ulertzen du euskara komunikatzeko tresna bat dela eta euskaldunak batzeko balio beharko lukeela. Horregatik, beste alderdiekin adostasuna lortu eta euskalduntzean aurrera jarraitzeko prest gaude, baina beti garbi eduki behar dugu eskubideen jabea ez dela hizkuntza, pertsona baizik.
PSE-EEk Zizurkilgo Udalean izan duen pisua txikia izan da orain arte, zein emaitza lortzea espero duzue?
Maiatzaren 27an esango dizut.
Zer mezu helaraziko zenieke zizurkildarrei?
Maiatzaren 27an eman diezaiotela bozka PSE-EEri, herritarren arazoak konpontzeko alderdi eraginkorrena baikara, beti ere egungo legedia errespetatuz.