Egungo Udal gobernuaren lana nola baloratuko zenuke?
Zizurkilgo Udalean ere beste hainbat lekutan dauden hutsuneak ikusten ditugu. Etxebizitza babestuen falta, garraio publiko eraginkorraren falta eta batez ere, herritarren parte hartzean hutsune handia dago.
Zerk bultzatu zaituzte EB/ Aralar koaliziokoak Zizurkilen lehen aldiz aurkeztera?
Batez ere, oraingo honetan ahal genuelako aurkeztu gara. Jende gehiago gara koalizioa egin ostean, eta ondorioz ahalik eta gehien zabaltzea da gure asmoa. Ikusi nahi dugu ea ezkerreko sentsiblitate hori badagoen Zizurkilen, eta hala bada, lan egiteko prest gaude.
Hasieran adierazi zenuten, ANV ilegalizatuz gero, ez zinetela aurkeztuko …
Aurkeztearen zalantza oraindik gainean dugu. Guk uste dugu alderdi guztiek planteatu beharreko zerbait dela. Gu, alderdien legearen aurka gaude, ez duelako irtenbiderik ematen eta egoera irrealak sortzen dituelako, batez ere Zizurkil bezalako udalerrietan. Horregatik erabaki genuen atzera egitea, baina hauteskunde legeak ez digu uzten garai honetan zerrenda erretiratzen. Orduan, egoera birplanteatu egin dugu eta aurkeztea erabaki dugu. Herritarrei gure aukera hori eskaini nahi diegu, baina garbi utziz ez dugula hartuko gurea ez den zinegotzi posturik. Ez dugu krispaziorik sortu nahi, eta ez zaigu onargarria iruditzen herritarrek adierazitako borondatean oinarritzen ez den zinegotzi posturik hartzea.
Zein dira EB/Aralar koalizioarentzat Zizurkilen lehentasuna beharko luketen proiektuak?
Etxebizitza sozialen bultzadaz gain, batez ere herritarren parte hartzea da bultzatu nahi duguna. Nekatuta gaude politika egiteko era batekin, hau da, goitik agindutakoa betetzera mugatzen den politikarekin, herriari galdetu gabe. Guk uste dugu behetik hasi behar dela politika egiten. Zinegotzirik lortuko bagenu, herritarren kezken ahotsa izatea da gure lehentasuna.
Euskaraz ez dakizu, ikasteko asmorik bai?
Asmoa hor dago, baina onartu behar dut ez dudala denborarik. Hori bai, nire akatsa dela onartzen dut eta Udaletik euskararen aldeko politikak sustatzen saiatuko naiz. Euskararen zabalpen eta ezagutzaren aldeko jarrera bultzatuko dugu Udalean.
Zizurkilen eragin zuzena izango duten Errauste planta eta AHT-a bezalako proiektuetan, zein izango da zuen jarrera?
Guztiz aurkakoa. Ez dira inola ere garapenerako lagungarriak, beste interes batzuren arabera egindako proiektuak baizik. Udaletik aurka egiten saiatuko gara.
Lehen aldiz aurkeztuta, zein emaitza espero duzue?
Nik uste dut zinegotzi bat lor dezakegula, koalizioa ondo onartuta dago Gipuzkoan eta espero dut Zizurkilen ere horrela izatea.
Zein mezu helaraziko zenieke zizurkildarrei?
Badaudela politika egiteko beste modu batzuk. Gizarte globalizatu honetan, gero eta leku gutxiago dago herriarentzat, eta gure proiektua herritarrengan dago oinarrituta. Herritik mundura zabaltzea da gure asmoa. Horregatik eskatzen diegu botoa zizurkildarrei.