Marian Lazkano, EAJko hautagaia

Irabaziz gero, hirugarren legegintzaldia beteko luke alkate bezala EAJko zerrendaburuak.

Atzera begiratuz, zer balorazio egiten du EAJk azken lau urte hauetan Udal gobernuak egindako lanaz?
Lau urte hauetan etxeko lanak egin ditugu. Arau subsidiarioak berritu ditugu eta hainbat auzotako proiektuak aztertu ditugu. Batzuk jada martxan jarri dira eta besteak hurrengo urteetan egingo dira, beti ere dirulaguntzak lortuz gero. Lan horiez gain, Agenda 21 martxan jarri dugu, herri guztiaren azterketa eginez eta iraunkortasunaren ikuspuntutik hainbat lan ildo zehaztuz. Bide luzea da,  urteetan egin beharko dena.  Gainera, eguneroko gauzetan lan handia egin dugula uste dugu, espaloiak direla, farolak direla, ur hornidura…

Oposizioko alderdien lana nolakoa izan dela esango zenuke?
PP eta PSE-EE eduki ditugu oposizioan eta kontuan izanik Zizurkilgoak ez direla, denbora ugari behar izan dute herrian kokatzen. Beraz, beraien lana ez da lagungarria izan, ez baitzuten ezagutza handirik. Sarri abstenitu egin dira.

Beste behin ere Zizurkilgo gizartearen zati handi bat ordezkaritzarik gabe geratuko da. Zein da EAJtik egiten duzuen irakurketa?
Guk espero genuen lau urte igaro ondoren gai hori gaindituta egotea. Baina egoera berezian bizi gara, eta ondorioz, orain herri batzutan edukiko dute ordezkaritza eta beste batzuetan, Zizurkilen bezala, ez diete aurkezten utzi. Egoera larria da eta ahal den bezala aurre egin beharko diegu beste lau urteei. Aztertu egin behar da nola egin ezker abertzaleak udaletxean bere ahotsa izan dezan, baina garbi esan nahi dut lortzen ditugun zinegotzi guztiek legitimitate osoa dutela. Hala ere, ezker abertzaleari lekua egin nahi diogu Udalak egingo duen lanaren inguruan beraien iritzi edo kritikak azaltzeko. Azkenengo lau urteetan ere egon dira udaletxean, esaterako arau subsidiarioak berrikusten, eta euren ekarpenak jaso ditugu. Aurrera begira ere horrela jarraituko dugu.

Zuen alderdiarentzat, zein dira datozen lau urteetan lehentasuna duten proiektuak?
Dudarik gabe etxebizitzaren arazoa da arazo nagusia. Azken 10 urteetan ez da etxebizitzarik egin. Orain hasiko dira batzuk egiten, baina etxebizitaren arazoak hor jarraituko du. Horregatik, arau subsidiarion berrikuntzaren bitarteaz 750 etxebizitza egiteko aukera baliatu behar dugu, horietatik erdiak behintzat babes ofizialekoak. Horrez gain, ordea, Zizurkilen areago joan behar dugu, etxe azpietan lokal ugari ditugu eta agian, aztertu beharko genuke, Udala bitarteko izanik, hor apartamenduak egitea, gazteei zuzenduta eta alokairuan. Gainontzean, euskararen biziberritzeko planarekin jarraitu behar dugu eta kultura eta kirolean azpiegiturak hobetu behar ditugu. Intxaur frontoia berritu, kultur etxeak egokitu…

Errauste planta eta AHT-ak eragin berezia izango dute Zizurkilen. Gai horien inguruan zein izango da EAJren jarrera?
Erraustegiari dagokionez, Atxulondoko naturgunetik gertu kokatzeko asmoa dago eta gu saiatuko gara gune horrek ahalik eta kalte gutxiena izan dezan. AHT-ari dagokionez berriz, udaletxera etortzen den informazioa landu eta herritarrei zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu.

Zer mezu helaraziko zenieke zizurkildarrei?
Jendea animatu nahi nuke EAJ bozkatzera. Urte hauetan saiatu gara herritarrekiko hurbil egoten eta datozen lau urteetan ere horrela izango da. Proiektu handiak esku artean izan ditugunean jendearen parte hartzea bultzatu dugu eta aurrerantzean ere bultzatuko dugu, egitasmo ugari baitugu datozen urteetarako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!