Ezer baino lehen egiguzu egungo Udal gobernuak egindako lanaren balorazioa
Nahiko eskasa izan da. Aukera handia eduki dute gauza gehiago egiteko, kontuan hartuz Agenda 21 herri guztietan martxan jarri dela. Gainera, Aldundian alderdi bera egonda, pentsa zitekeen gauzak errazago izan zitezkeela. Azkenean ordea, Joxe Arregiko plazako etxebizitzena asko atzeratu da, futbol zelaikoa ez da egin, Bulandegi pareko industriak leku aldatzeko asmoan huts egin dute… Orain, proiektu faraoniko bat egin nahi dute Pagamuñon, Udaleko txosten teknikoak aurka izan arren. Gure babes osoa duen bidegorria ere ez da oraingo proiektua, ni alkate nintzela Aldundiak berak bota zuen atzera bidegorri proiektu hori. Orain lau urte agindutako programa ez dute inondik inora bete, azken hilabeteetan makilatzen saiatu arren.
Zuek, Udaletik kanpo egon zarete. Egin duzuen lana nola baloratuko zenuke?
Oso zaila izan da. Udaletik kanpo egon gara, utzi digute parte hartzen Agenda 21ean eta arau subsidiarioak berrikusteko garaian, baina erabaki guneetan egoten ez digute utzi, erabakiak eurek hartu dituzte gu kanpo utziz.
Beste behin ere Udaletik kanpo gelditzeko arriskuan zaudete, ilegalizazioa dela eta…
Ilegalizazioa erabaki politikoa izan da gu kanpora uzteko. Baina Zizurkilgo ANV prest dago Udalean parte hartzeko. Uste dugu alderdi guztiek errespetatu behar dutela herritarrek bozka bidez diotena. Ez badute errespetatzen ere, hor egongo gara, Udalaren kudeaketa arretaz zaintzen.
Zuei botoa ematea eraginkorra al da?
Zalantzarik gabe, bai. Ilegalizazioari aurre egiteko modu onena da guri botoa ematea. Horrez gain, herri programa bat kaleratu dugu eta jendeari esango nioke alderatzeko gure proiektua beste alderdienekin, eta gero erabakitzeko. Egia da egoera honetan zailagoa dela emaitza onak lortzea, baina uste dugu momentu honetan ere lehen indarra izateko aukerak baditugula. Lehen indarra izatea lortuz gero, beste alderdiek ezingo dute ezikusiarena egin.
Zein dira ANVren ustez, Zizurkilen lehentasuna izan behar duten proiektuak?
Zizurkil-Asteasu bariantearen proiektua ezinbestekoa da ANVrentzat. Bada garaia proiektu hori finkatu eta egiteko, beheko auzoak egunero sufritzen duen kotxe kopurua gutxitzeko. Orain koskak eta semaforoak jartzen ari dira baina ez dago plangintza orokorrik, eta hori behar da. Horrez gain, etxebizitzak egin behar dira, alokairuan arreta jarriz eta hemen ere luzera begirako plangintza bat burutuz. Kulturan, bi kultur etxeak eta herriko kultur taldeak koordinatzeko lana egin behar da, kultur etxeak berritzeaz gain. Kirol mailan berriz, frontoiaren egoera negargarria da. Beheko futbol zelaia eta igerileku proiektuari dagokionez, guk gure proposamena badugu, baina uste dugu lehentasuna dela herritarrei galdetzea. Horrez gain, nekazaritza bultzatu behar da, euskara…
AHT-a eta Errauste plantari dagokionez, zer jarrera hartuko duzue?
Nik uste dut ezinbestekoa dela proiektu horiek paralizatzea, kaleratzea eta eztabaidatzea. Bi proiektu hauek ez dute ezer konpontzen, alderantziz baizik.
Zein mezu helaraziko zenieke zizurkildarrei?
Alderdi legalena gu garela. Guk erakutsi dugu urteetan Udala kudeatzen badakigula, herritik eta herriarentzat lan egiten dugula. Hanka sartu izan dugu, baina beti Zizurkilentzat onena pentsatuz, eta ez beste interes batzuren arabera. Lan egiteko konpromiso sendoa dugu.