PSOE-k zinegotzi bat izan du aurreko legegintzan Villabonako udaletxean. Zein irakurketa egiten duzue lau urte horiez?
Alderdi sozialistarentzat denboraldi aberatsa izan da lanari eta herritarren ongizateari begira. Baina ezkorra izan da gobernu nazionalistari begira; eskaini diguten informazioa eskasa izan baita. Oposizioko gure lanaldia konstruktiboa eta leiala izan da; oposizio egoeran egonda ere, herritarrentzat baliagarriak izaten saiatu gara. Hala ere gure ahotsak ez du oihartzunik izan. Gure proposamenak ez ditu kontuan hartu gehiengo nagusia zuen nazionalisten Udalak
Zer proposatzen duzue legegintza berrirako?
Etxebizitzari eman nahi diogu lehentasuna. Gazteei begira batez ere, pisuak oso garesti daude eta zer esanik ez etxebizitza berriak. Aukera duenak Tolosa bezalako herri handiago eta erakargarriago batera joatea nahiago izatea ulertzen dugu; zerbitzuen eskaintza zabalagoa baita eta bizikidetza hobea. Gazteentzat alokairuzko etxebizitza bultzatu beharko genuke. Baina, Udalaren dirua oso mugatua dela kontuan hartuta, dirua horretara bideratu beharrean, Etxebizitza sailari laguntza eskatuz.
Zer behar ikusten diozue Amasa eta Villabonari? Zein alorri emango zeniokete lehentasuna?
Etxebizitzaren gaiak du lehentasuna. Azken lau urte hauetan, etxebizitzaren inguruko politika oso eskasa izan da Udalaren aldetik. Kontuan hartu behar da gehiengo nagusia zutela: hamar zinegotzi hiruren aurrean.
Hala ere, Lantzen enpresari eskaini zioten gestioa. Hain baliabide eskaseko Udalak, ordea, lurra kontseilaritzari utzi eta Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko lioke gestioa.
Diru asko gastatu da eta Kale Berriko lanak besterik ez dira hasi. Gainera arazoak dituzte konstruktorarekin.
Salvadorako proiektua ekimen pribatukoa da, baina etxebizitza tasatuak eta babes ofizialekoak ere badira tartean. Egitasmoa geldirik dago eta gobernu taldeak egitasmo hori bultzatzeko indar handirik egin ez duela iruditzen zait. Ondorioa: Lau urte, ia ezer aurreratu gabe.
Zein iritzi duzue hauteskunde kanpainaren inguruan?
Normaltasunaren eta normaltasun ezaren barruan aurrera doa hauteskunde kanpaina. Erabaki judizialak onartzeko ohitura dugu. Gure desiorik behinena, alderdi guztiek parte hartzeko aukera berbera izatea litzateke, beti ere, estatu demokratikoak eta egungo marko legalak ezarritako joko-arauak errespetatuz.
Mezuren bat luzatuko al zeniokete herritarrei?
Maiatzaren 27an herritarrak botoa ematera joan daitezela. Une honetan eta instituzioei begira, PSOE-EE, gizartearen ongizateari begira lan egiteko alderdi politiko egokiena da. Gobernu sozialistak gizon eta emakumeen ongizateari, menpekotasun legeari nahiz berdintasun legeari begira egiten du lan. Lege horiek udaletxeetan ere zabaldu egin beharko lirateke eta gure alderdia da lan hori egiteko egokiena. Gure aldeko botoa eskatzen diegu villabonatarrei.