Zein irakurketa egiten duzue azken agintaldiaz?
Ni ez naiz tarte horretan udaletxean ibili eta ezin dut inolako irakurketarik egin. Villabonan aurkezten naizen lehenengo aldia da eta iraganari baino etorkizunari begiratu nahi diot. Herritar guztiek parte har dezaten lortu nahi dugu eta guztiok batera egitasmo ezberdinak aurrera ateratzea.
Zer proposamen dakarzue legegintza berrirako?
Herri giroa sortu nahi dugu eta euskararen alde lan egin nahi dugu. Erraustegia bezalako egitasmo handien aurka egingo dugu eta ingurumen eta naturaren alde. Etxebizitzen gaiari ere heldu nahi diogu; gazteek bereziki alokairurako nahiz babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko aukera izan dezaten.
Zein dira zuen lan programan aztertu dituzuen arlo nagusiak?
Lan egonkorra bultzatu nahi dugu, formazio-planak garatuz eta udalerriko enpresekin elkarlanean. Euskararen erabilerarekiko konpromisoa hartuko dugu. Ongizatea bultzatuko dugu, guztiok baitugu gizarte-zerbitzuak erabiltzeko eskubidea. Garraioaren garapena eta komunikatzeko bideen diseinuak orekatuta egon daitezen saiatuko gara. Sexu berdintasunaren alde egingo dugu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea baita benetako demokrazia erdiesteko modu bakarra. Gure ohiturak hobetze aldera, osasuna sustatzeko jarduerak garatzeko asmoa ere badugu. Erabakitzeko eskubidea defendatuko dugu, herritarren partaidetza aktiboaren oinarria baita.
Zein iritzi duzue hauteskunde kanpainaren inguruan?
Hauteskunde kanpaina bere bidean doa. Hala ere, ilegalizazioaren gaiak itzala egiten du. Guztiok hauteskundeetara aurkezteko eskubide berbera izan beharko genukeela uste dugu. Amasa-Villabonan ANVri botoa eman ahal izango zaio, baina ez Euskal Herriko beste 133 herritan. Ez zaigu bidezko erabakia iruditzen.
Hauteskundeetako emaitzei begira, zer espero duzue?
Gure boto kopuruak gora egingo duela uste dugu. Baikor gaude. EB-Aralar alderdiek elkartuta, emaitza politak lortuko ditugula espero dugu. Amasa-Villabonaren kasuan, aurrez genuen zinegotziari eutsiko diogu.
Mezuren bat luzatuko al zeniekete herritarrei?
Haien esanak entzuteko prest izango garela eta guztion artean, hainbat ekimen aurrera ateratzen saiatuko garela.