Zein irakurketa egiten duzue legegintzako azken lau urte hauetaz?
Legegintza lasaia izan da, ondo joan da. Udaletxe mailan eta zinegotzi aldetik lasai igaro da. Hainbat egitasmo aurrera ateratzeko aukera izan dugu; beste egitasmo batzuk bukatu gabe utzi ditugu, baina hasi behintzat egin ditugu. Gauzak egin ditugula uste dut, nahiz eta hori besteek baloratu behar duten. Legegintza hasi genuenean geneukan programa gutxi gora-behera bete egin dugu. Beti geratzen dira gauzak egiteke eta gainera, egunero sortzen dira eginbehar berriak. Baina gure helburu gehienak bete dira: haurtzaindegia, Kale Nagusia berritzea…
Legegintza berezia izan da. PNV-EAk zenuten gehiengo nagusia…
Bai, hala da. PSOE, PP eta EB alderdietako zinegotzi bana zegoen oposizioan. Hiru zinegotziak kanpokoak ziren eta egia esan, etortzen zirenean, udalbatzetara soilik etortzen ziren. Bakoitzaren lanak mugatu egiten du etortzeko aukera hori eta kanpokoa izateak, orduan eta gehiago. Etorri izan direnetan giroa ona izan da. Zentzu horretan, oposizioa ona izan da.
Zein dira legegintza berrirako dituzuen proposamen nagusiak?
Lehenengo eta behin, hasitako lanak bukatzea. Mintzolaren bigarren fasea martxan jarri behar da. Hitzartu programako hiru helburu genituen; horietako bat egin da, baina beste biak bukatu egin behar dira. Lau urte hauetan planeamendua egiten aritu gara eta orain, hirigintzako pauso berriak martxan jarri nahi ditugu. Hurrengo zortzi urtetarako egin da aurreikuspena eta poliki-poliki egin behar da bidea, batik bat, babes ofizialeko etxe eta tasatuekin. Udaletxetik hori martxan jartzea interesatzen zaigu; zozketak egin eta etxebizitzen arazoa konpondu nahi dugu. Bestalde, Udalak ekintza plana onartu zuen eta aurrera begira, herria nola eratu nahi dugun erabaki behar dugu. Herrian falta diren azpiegiturei begira ikerketa egin behar da. Gure ustez aire libreko kirol instalakuntzak, gazte-lekua, ludoteka edo jubilatuentzat lekua falta dira… Horrez gain, egunero sortzen diren beharrei erantzun behar zaie. Programak egiten dira, paperak dena jasotzen du. Baina egiten hasten zarenean, gauzak ez dira hain errazak. Errealitatera etorri eta benetako beharrak zein diren ikusi behar da.
Zure ustez zein dira lehentasun horiek?
Erronkak badaude, ez herri bezala bakarrik, mankomunitate baten barruan baikaude. Hainbat proiektu elkarlanean egin behar dira. Apatterrekako industria-gunea egin den bezala, beste gune bat bilatzen hasi behar dugu. Zaborren bilketa mankomunatua jarriko dugu martxan. Horrek edukinontziak aldatzea, birziklapena bultzatzeko lekuak bilatzea…, ekarriko du. Eguneroko lanak dira horiek, beharbada ez dira asko ikusten, baina oso garrantzitsuak dira.
Nola ikusten duzu Amasa-Villabona?
Poliki-poliki, baina Villabona beti hazten ari den herria da. Nik herritarrak bertan bizi eta “denetik daukagu, zein ondo bizi garen” esango duten herria nahiko nuke. Kalitatezko herri bat. Kirola egiteko aukera, zerbitzuak, haurtzaindegia, kultur ekintzak…, denetik eskainiko duen herria. Beti hobetu daiteke, baina nik uste, zerbitzu aldetik eskaintza zabala dela.
Zein da herriaren arazo larriena?
Villabonan bereziki trafikoa da arazoa. Arazo hori hartu eta konpondu egin behar da. Ez dago miraririk, baina konpondu beharreko zulo handi bat da hori. Etxebizitzak direla eta, babesekoak, tasatuak, libreak…, herritar guztiei eskaini nahi diegu etxebizitza izateko aukera.
Hauteskunde kanpaina hau ere berezia izaten ari da. Zer diozu ezker abertzalea hauteskundeetara aurkezteko debekuaren aurrean?
Uste dut egoera horietara ohitzen ari garela pixkanaka, horixe iruditzen zait okerrena. Benetako kanpainaren ordez, beste gauza askoz hitz egiten ari gara. Ez da egoera hau bizitzen dugun lehen aldia eta gainera, gero eta okerrago goazela iruditzen zait. Dudarik gabe, ilegalizazioaren gaia soberan dago. Gainerakoan, herrian lasai doa kanpaina.
Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
Gure proiektuak amaitzen jarraituko dugula, egiten jarraituko dugula. Gure helburua, umiltasunez, sortzen diren arazoak konpontzea da. Udaletxean dagoen dirua herritarrena da eta gu, nolabait, haien beharrak asetzeko etortzen gara hona. Batzuetan asmatzen dugu, beste batzuetan ez. Herritar gaztez osatutako taldearekin aurkeztuko naiz hauteskundeetara, lanerako gogoz dagoen jendearekin. Hori eskertzekoa da.