Garai zailak ezker abertzalearentzat. Nola bizitu duzue egoera?
Oso egoera gogorra da. Demokrazia hitza aipatzea ere ez dakit nola ausartzen diren, herri honen zati handi bat baztertuta baikaude beti. Politika egitea eskatzen digute, baina batzuei ez digute inolaz ere aukerarik uzten. Lotsagarria iruditzen zait 133 herritan aurkezteko aukerarik ez izatea. Hasieran zalantza egin genuen, baina ez aurkeztuta ere, beste lau urtez bazterrean geundeke. Non dago prozesua? Guk gure herriaren eskubideak aldarrikatuz lanean jarraitu nahi dugu, guztiok aukera berdinak izan ditzagun. Hortik hasi beharko genuke, oraindik guztiok ez baikaude egoera berean.
Ez da kontu berria, hala ere…
Duela lau urte hasi ginen. Partidu demokatriko bat ilegalizatzea ez dago onartzerik demokrazia egoeran. Orduan amore eman zen eta geroztik kontu asko esan den arren, nire ustez alderdi abertzaleek ez dute sekula apusturik egin halakorik gerta ez dadin. Orain, lehengo ondorio berdinetan gaude. Kanpainetan eta ondoren esaten den bezala, benetan Euskal Herria eraiki nahi badugu, guztion artean egin beharko genuke lana.
Amasa-Villabonan ANV taldea aurkeztu egingo da. Ez eskualdeko herri guztietan, ordea.
Zertan oinarritu dira erabaki hori hartzeko? ASBren inguruan Iruinen esanarekin erabat ados nago ni. Nola ilegaliza daiteke alderdi bat oraindik iritsi ez bada? ANVrekin are eta okerragoa gertatu da. Zein delitu egon daiteke Batasunak ANVri botoa emateko eskatzean? Gu denok desagerraraztea nahi dutela dirudi. Hemengo alderdiei begira, ez dut uste herriarengandik ari direnik lanean, bakoitza bere interesengandik baizik. Nabarmena da hori, urte asko igaro baita egoera berean. Batzuek Euskal Herriarentzat eskubide batzuk lortu nahi ditugu eta beste batzuek ETA amaitzea soilik nahi dute. Oinarrizko eskubideak dituen herri bat zergatik ez du existitu behar, herriak nahi baldin badu?
Aurreko legegintzan parte hartzerik gabe geratu zineten. Zer diozu denbora tarte horri buruz?
Lau zinegotzik egon beharko genukeen udaletxean. Gure iritziak onar zitezen saiatu ginen eta jasotako erantzuna bilera paraleloak egitea izan zen. Azken batean, ez ginen legalki azalduko, baina gure iritziak kontuan hartuko omen zituzten. Pertsonalki, ez dut oposiziorik egin nahi dena ezezkoa izateko, arrazoituta baizik. Parean egon beharko genukeen zinegotzi guztiek, baina ez genuen horretarako aukerarik. Ez zait kritika arina egitea gustatzen baina, legegintza honetan dena txikitu eta eraikitzeari garrantzia handia eman zaiola uste dut. Eta kulturari, berriz, oso tarte txikia eskaini zaiola. Gizarte-laguntza hobeto bideratu beharko litzateke eta horrenbeste etxe berri eraiki beharrean, azterketa sakon bat egin behar da.
Zein giro ikusten duzu herrian?
Oso indibidualista bihurtzen ari gara eta herritarren hitza kontuan hartu behar dela uste dut. Besteak beste, erraustegia edo AHT-a bezalako gai potoloak herri kontsulta bidez erabaki behar dira. Herritarren parte hartzea beharrezkoa da; halako erabakiak ezin dira inposatu. Herri giroa sortu behar da, herritarren hitza kontuan izanda eta modu horretan, ekimenak guztion artean aurrera atera. Solidaritza gehiago beharko genuke. Horregatik naiz ezkerrekoa: Denok duintasunez bizitzeko eskubidea dugula pentsatzen dudalako.
Zein da herrian konpondu beharreko arazo nagusia?
Eginbehar asko dago. Gu arazoak duintasunez konpontzen saiatuko gara: lokalen eskaerari erantzun nahi diogu eta lehen egin genuen bezala, kulturari emango diogu lehentasuna. Etxebizitzaren arazo larriari aurre egin nahi diogu eta besteak beste, komertzio txikia bultzatuko dugu. Zaborraren arazoari modu egokian irtenbidea aurkitzen saiatuko gara eta industria-gune txikiak bultzatzen. Herri bakoitzak bere autonomia behar du. Herri bat bestearekin nahastu eta industria-gune handiak eratzea ez da ona: eskaintza guztiek bakoitzaren herrian egon behar dutela uste dut. Baina horrek ez du, nonbait, diru askorik ekartzen.
Zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Ahal dudan txukunen, herritar guztiak entzuteko eta laguntzeko prest nagoela. Lehen ere saiatu nintzen behar zutenei erantzuten eta gauza bera egingo nuke orain ere. Herritarrek garbi jakin behar dute herriaren zerbitzurako gaudela. Ez naiz beste ezer esatera ausartzen, ez baitakigu zer aurkituko dugun. Hori guztia, iristen baldin bagara.