Aspaldikotik, dantza emanaldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mai. 23a, 19:52

Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldea emanaldi berria prestatzen ari da. Aspaldikotik izena du eta ekainaren 16an aurkeztuko dute Amasa-Villabonan.

Aspaldikotik emanaldiak dantza, hitza eta musika uztartuko ditu. Juan Kruz Igerabide idazleak idatzi ditu emanaldian zehar irakurriko diren testuak. Iñaki Zalakain villabonatarrak, beste hamaika musikarirekin batera doinua jarriko dio ekitaldiari. Dantzariak, berriz, Oinkari dantza taldeko neska-mutil gazteak izango dira.

Aurkezpena Amasa-Villabonan egingo dute ekainaren 16an eta, segida-segidan, beste bi emanaldi:

Ekainak 16, larunbata: Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegian, 22:30etan. Sarrera, 5€.
Ekainak 24, igandea: Tolosako Euskal Herria plazan, 23:30etan
Ekainak 29, ostirala: Lezoko Bekoerrota kiroldegian, 22:30etan. Sarrera, 5€

“aspaldikotik” EMANALDI BERRIA

 

Azken 4 urte hauek oso oparoak izan dira taldearentzat, baina gure ilusio eta lan egiteko gogoak urrutirago eraman gaitu; horrela, hirugarren proiektuan murgildu gara. Prestatzen ari garen proiektu berri honen izena “aspaldikotik” da eta Juan Kruz Igerabide idazleak emanaldi honetarako prestatu digun sorginen ipuin batean dago oinarrituta. Iñaki Beraetxe aktorea arduratuko da ipuin honen narrazioaz. 90 minutuko emanaldi honetan dantza, ipuina, zuzeneko musika eta argi-joko ikusgarriak izango dira ikusgai taula gainean.

 

... eta zergatik “aspaldikotik”?... izango da askoren galdera. Alde batetik, istorioak berak oso atzera jotzen du, gure protagonista den sorgina aspaldiko garai batean lokartu ondoren gaur egunean esnatzen baita. Beste aldetik, sorginak abentura berri honetan topatuko dituen dantzen oinarria tradizioarekin uztartzen da, gure aspaldiko tradizioarekin. Ondorioz bi kasuetan iraganeko puntu batetik gaur egungo puntu batera egiten dugu bidaia, aspaldiko garai batetik gaur egungo garaira, aspaldikotik gaur egunera.

 

FITXA ARTISTIKOA


Dantzariak: OINKARI dantza taldea

Dantza zuzendaria: Edu Muruamendiaraz

Musika zuzendaria: Xanet Arozena

Soinu teknikaria: Unai Moraza

Argien diseinua: Carlos Solano

Argi teknikaria: Iker Ugalde

Testuaren egilea: Juan Kruz Igerabide

Narrazioak: Iñaki Beraetxe


 

 


 

 

 

Emanaldi berri honetan 65 dantzarik hartuko du parte, zortzi musikariz lagundurik. Emanaldi honetan, betiko dantza tradizionalez gain (Brokel dantza, Uztai dantza, Xuletinoa, Otsagiko dantzak, Zortzikoa, Kaixarranka…), hainbat koreografia eskainiko dugu, guztiak gure taldeko dantza arduradun den Edu Muruamendiarazek eginak. Hori dena Juan Kruz Igerabidek idatzitako ipuinaren bidez loturik joango da eta lehen aipatu bezala, Iñaki Beraetxe arduratuko da narrazioari ahotsa jartzeaz. Zuzeneko musikak ere garrantzi handia izango du, honela 8 musikari profesionalek osatutako taldea gidatzeaz Xanet Arozena musikaria arduratuko delarik. Xanet Arozena Akelarre musika talde mitikoko gitarra-jolea dugu eta gaur egun Euskal Herriko txistulari elkartean dabil buru-belarri lanean. Bere esperientzia eta jakinduriari esker, Oinkari dantza taldeak musika talde aberats bat lortu du. Emanaldian zehar ez dute hutsik egingo txistua, perkusioa, biolina, zeharkako flauta, filarmonika, gitarra, bajua, esku soinua, txalaparta eta alboka bezalako instrumentuek.

Azpimarratzeko beste puntuetako bat Karlos Solano-k egin duen lana dugu. Bera arduratu da argi diseinuaz eta honela dantza bakoitza argi izpi bereziez jantzi du.



 


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!