Iñaki Amenabar, Bai Asteasuri
Hamabi urte daramatza Iñaki Amenabarrek Asteasuko alkatetzan. Bai Asteasuri zerrendako buru da eta udalgintzaren inguruan aritu gara berarekin.
Azken hamabi urteotan Asteasuko alkate izan zara. Egingo al diguzu azken agintaldiaren balorazio orokorra?
Balorazioa baikorra da. Herrirako lan asko egin dugu eta aurrera begira ere gauza asko prestatu dugu. Kiroldegia bukatu eta martxan jarri dugu, hainbat zerbitzu eskainiz. Kultur etxea eta mediku kontsulta martxan jarri dira. Gainera, kultur ekintzak babestu ditugu eta Agenda 21 ere bultzatu dugu ingurumena babesteko.
Bestalde, Elizmendiko eta Kale Nagusiko berurbanizazioak amaitu dira. Haurrentzako jolas parke berri bat egin dugu eta ehun aparkaleku ere egin dira. Horrez gain, herriko plangintza berritu dugu eta horrek herritarrentzako etxebizitzak egitea ahalbideratuko du. Ez dugu Asteasu gehiago hazitzerik nahi, baizik eta asteasuarren etxebizitza beharrak asetu nahi ditugu.
Bai Asteasuri zerrendan EAJko ordezkariak, EAkoak eta independenteak elkartu zarete, zergatik erabaki hori?
Udalgintzan aritzeko, zenbat eta talde zabalagoa izan, hobea dela uste dut, iritzi ezberdinak biltzen direlako. Gure zerrendan bederatzi titular eta hiru ordezko gaude eta horietatik bost berriak dira, baina hasieratik gauden bost pertsonak bertan mantentzen gara.
Hauteskunde hauetan, aurrekoetan gertatu zen bezala, ezker abertzaleak ez du ordezkaririk izango Asteasun. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Tristea da gure Euskal Herri honetan, urteak joan eta urteak etorri, gatazka politikoa ez konpontzea. 2006ko su etenarekin itxaropena berpiztu zen, baina gerora ikusi da pausoak ez direla behar bezala eman; gobernuak ez ditu presoak gerturatu eta abenduko atentatuak bake prozesua zapuztu egin zuen. Horren ondorioz, zerrenda batzuk legez kanpo uztea etorri da.
Udalgintzan aritzeko ere egoera arraroa da. Gainera, guk gutxi daukagu egiteko, ez ditugu zinegotzi kredentzialak ematen. Hori legez araututa dago. Gaineratu nahi dut Bai Asteasuri taldearen ardura izango dela Asteasuko Udala aurrera ateratzea, herritarrei zerbitzuak emateko eta bizi kalitatea hobetzeko.
Alkatetza eskuratzen baduzue, ezker abertzaleak udalgintzan aritzeko aukerarik izango al du?
Duela lau urte ezker abertzaleari udalgintzan aritzeko aukera eskaini genion bilguneak eta topaguneak sortuz, beraien iritziak eman eta proposamenak egin ahal zitzaten. Beraiek eman zuten ezezkoa. Udalgintzan parte hartu ez badute, nahi izan ez dutelako izan da. Hauteskundeen ondoren, beraiekin bilduko gara, beraien asmoen berri izateko.
Alkatetza lortuz gero, zein izango litzateke egiteko nagusia datozen lau urteei begira?
Herritarrentzako etxebizitzak eraikitzea eginbeharreko garrantzitsua da, betiere herriaren xarma mantenduz. Horrekin batera, herrigunea oinezkoentzat egokitzeko proiektua ere garatuko da. Eskola handitzeko lanak martxan jarriko dira. Udal igerileku irekiak egiteko proiektua ere badago. Bidegorria egiteko lanak ekainean hasiko dira eta urte bukaerarako amaitzea espero da. Baserritarren beharrak ere kontuan hartuko dira. Bestalde, herriko errepidea zabaltzeko beharrezko gestioak egingo dira Foru Aldundian. Euskara, kirola eta kultura bultzatuko dira taldeei babesa emanez eta herritarren ekimenak kontuan hartuz.
Zein mezu bidaliko zenieke herritarrei?
Asteasu aurrera doan herria dela esango nieke. Maiatzaren 27an bozkatzera joateko
eta bozka baliagarria emateko Asteasu hobetzen jarraitzeko.
Txomin Otegi, ANVko hautagaia
Asteasuko Ezker Abertzaleak ez du maiatzaren 27ko hauteskundeetara aurkezteko aukera legalik izango. ANV taldeko zerrendaburu den Txomin Otegiren hitzak bildu ditugu.
Zein da azken legegintzaldiaz egiten duzuen balorazio orokorra?
Azken urteetako balantzea eginez bi puntu azpimarratzen ditugu, batetik izugarrizko jaitsiera izan du herritarren partaidetzak herriaren eguneroko antolaketan eta erabakiak hartzeko garaian. Udal batzarraldiak azken legealdian bi hilabetetik behin izan dira, eta batez besteko iraupena hamar minutukoa izan da, herritarren parte hartzerik gabe. Udal organu garrantzitsuena gobernu batzordea bilakatu da. Udalak norekin eztabaidatu du martxan jarri nahi dituen makroproiektuen egokitasuna? Ipupomamua? Etxebizitzak noiz eta nola?
Bestetik herri dinamikan eta kultur arloan, batez ere, atzerapauso izugarria jasan dugu, kultur jardunaldiak umeentzako pailazoak eta iraileko ganadu feria egitera mugatu dira, horiek zilegiak izanik ere. Urteroko egitarauak errepikapenean datza berritasun eta freskurarik gabe.
Aurreko hauteskundeetan ez zenuten aurkezteko aukerarik izan. Udalgintzan parte hartzeko aukerarik izan al duzue?
Nahiz eta aukera legalik ez izan, duela lau urte, Asteasuko Ezker Abertzalea hauteskundeetan izan zen hiruehun botutik gora eta lau zinegotzi lortuz.
Lehen momentutik ikusi genuen Iñaki Amenabar buru duen taldeak nolako jarrera izango zuen Asteasuko Ezker Abertzalearekin, udalgintzan parte hartzeko inongo aukerarik utzi gabe, gure lau zinegotzi karguen lapurretarekin.
Zein aurreikuspen duzue datozen lau urtetarako? Zein izango da zuen egoera eta herrigintzan aritzeko aukera?
Lehenik gure asmoa Udalean dagozkigun karguak hartzea da, herritarrek emango diguten babesari erantzunez. Horretarako bide legalak badaude Bai Asteasuri taldeak borondatea izango balu, zenbait herritan azken lau urte hauetan egin den bezala.
Hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango bazenute, zein izango litzateke zuen programaren erro nagusia?
Parte-hartze normalizatua izan ala ez Asteasuko Ezker Abertzaleak herri programan azalduko diren bost ildo nagusiak jorratzeko konpromisoa hartzen dugu:
- Herri txiki baten xarma eta nortasuna mantentzeko konpromisoa.
- Etxebizitzak bertako herritarrei soilik zuzenduta eraikitzea.
- Erakunde ofizialez gain herria dinamizatuko duen kultur talde zabal eta anitza sortzea.
- Euskarari beste bultzada bat ematea, batez ere udalgintzan eta Osasun Zentroan.
- Ipupomamua proiektuaren informazioa lortu, zabaldu eta herritarrei iritzia eskatu Herri Kontsulta baten bidez.
Zein mezu zabaldu nahi diezue herritarrei?
Hauteskunde hauek Udal hauteskundeez gain bake eta normalizazio prozesuarekiko urrats garrantzitsu bat dira Ezker Abertzalearentzat, beraz herritar guztiei konpromisoa eskatzen diegu Asteasu eta Euskal Herriaren alde bozka emanez.