Adunako alkate izan zara azken agintaldian, balorazio orokor bat egingo al diguzu?
Herri programan jarritako gauza gehienak bete ditugu. Gauza batzuk guztiz bukatu gabe, baina bideratuta daude eta beste gauzaren bat egin ezinda geratu gara; tentsio altuko kableak lurperatzea, esaterako. Legegintzaldian zehar sortu diren gauza berriak ere egiten joan gara. Esaterako, udaletxean igogailua jartzeko proiektua aurreratuta dago eta aurten bukatua izango dela uste dugu.
Autokritikarako tarterik hartu al duzue?
Arau subsidiarioen testua hauteskundeen aurretik onartuko dugu, hitzarmen batzuk ere gauzatuko dira. Autokritikarako tarte handirik ez dugu hartu oraindik, martxaren arabera ateratzen diren lanetan murgilduta gaudelako.
Aurreko hauteskundeetan herri plataforma gisa aurkeztu zineten, orain berriz, EAE-ANV taldearen izenean. Zergatik erabaki hori?
Aurreko hauteskudeetan ere gutako batzuk hala egin nahi genuen, baina hauteskundeetara aurkezteko prest ginen guztiak elkarrekin joateko, independente gisa aurkeztea adostu genuen. Oraingo honetan, hauteskundeen inguruan jendearekin hitz egiten hasi ginenean, ezker abertzaletik aurkezteko gogoa bazegoela ikusi genuen eta zerrenda modu horretan osatzea erabaki genuen.
Zerrendan aurpegi berriak ikusten ditugu.
Lau pertsona berri sartuko dira eta hiruk errepikatu egingo dugu. Lehen ordezko izandakoren bat ere zerrendan sartu da. Jende berria izateak ideia berriak eta freskotasuna ekarriko ditu.
Legez kanpo uzteak direla eta, herriko beste zerrenda bat legez kanpo utzi dute. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Aurreko hauteskundeak bezela, hauek ere, antidemokratikoak izango dira. Horrek jendeari bozkatzeko aukera bat kentzen dio. Herritar batzuk ez dute eurek nahi duten bozka emateko aukera izango. Datozen lau urtetara begira ere, ordezkaririk ez dute izango udaletxeetan. Hala gertatuko da inguruko herri batzuetan: Andoainen, Zizurkilen, Asteasun… Oso gogorra iruditzen zait hori. Herrietan tentsioa sortzen da eta hori ez da ona, ez herritarrentzat, ezta Udalentzat ere.
Hurrengo lau urteei begira, zeintzuk dira asmo nagusienak?
Arau subsidiarioak erabat amaitu eta martxan jarri beharko dira. Aurretik dauden proiektuak aurrera atera beharko dira; horien artean, Lardiko urbanizazioa edota Altamirako errepidea. Etxebizitzen gaiaren inguruan jende askok galdetzen digu eta ondo aztertu beharreko gaia dela uste dugu. Ez ditugu etxebizitzak egiteagatik egin nahi. Horrez gain, garraio publikoa hobetzea, paisaia txukun mantentzeko konponbideak bilatzea, AHT eta erraustegia bezalako makroproiektuei aurre egitea, kultur ekintzak antolatzea, eskolaren tamaina arazoari irtenbidea ematea, enpresekin harremanak bultzatzea, nazio eraikuntza bultzatzea…, proiektu ugari dugu.
Zein mezu bidaliko zenieke adunarrei?
Egindako lanarekin aurrera jarraitzeko asmoa dugula eta konfidantza izateko, freskotasuna eta idea berrituekin gatozela.