Larraulgo hautagaiak, elkarrizketa saioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mai. 23a, 17:45

1- Zer nolako balorazio egiten duzu lau urte hauetaz?
2- Zergatik erabaki duzu aurkeztea?
3- Datozen lau urteetarako asmo nagusiak laburbilduko dituzu?

HAUTESKUNDEAK ESKUALDEAN: Informazioa GURE GAIAK atalean

Iñigo Aginalde, hautagaia

1–Herriak aldaketa handia izan du. Arau subsidiarioak aldatuta zeuden dagoeneko. Herrian egin beharreko obrak zortzi urtetan egitea espero zen, baina lau urtetan egin dira. Horrek herriari bizitasuna emango diola uste dut. Jende gaztea etorri da eta herriko bizitzan integratzen badira, bizi handia emango diote. Badakit herritar askori beldurra eman ziola aldaketak horren denbora gutxian egiteak, baina orain, lanak amaituta, ez dut jendearen iritzi txarrik nabaritu.

2–Azken unera arte ez nuen erabaki zer egin. Herritar batzuk animatu ninduten eta azkenik, izena ematea erabaki nuen. Udalean ariko naizen hirugarren aldia izango da honako hau.

3–Gauza asko dago egiteko. Ahal duguna egiten saiatuko gara, ahal dugun moduan. Beti ezin dugu nahi duguna egin, ahal duguna baizik, eta horretan saiatuko gara.

Igor Barandiaran, hautagaia

1–Ni andoaindarra naiz eta duela urtebete eskas etorri nintzen Larraulera bizitzera, horregatik, ez dut herriaren aldaketa gertutik bizi. Badakit denbora gutxian etxe asko egin dela, eta gune berdek ere bai, baina ez dut aldaketa hori gertutik ezagutu.

2–Ideia garrantzitsuena herriagatik lan egitea da, kultura eta promozioa sustatuz. Herri txikia eta euskalduna da Larraul eta bertako bizitzan parte hartzea da nire asmoa.

3–Larraulen gaur egun bizi den euskal giro hori mantentzeko lan egin nahiko nuke. Herriaren izaera mantentzea nahi nuke, herri txiki euskaldun gisa. Ez dira horrelako herri asko geratzen. Herritarrei eskatuko nieke herriko bizitzan parte hartzeko. Udalean bost pertsona egongo gara lanerako, baina ideiak ematen eta proposamenak egiten parte har dezatela eskatuko nieke gainerako herritarrei.

Karlos Irazu, hautagaia

1–Baloraketa egiteko egokienak ez gara gu. Hori herritarrek beraiek egin beharko luketen zerbait da. Aurreko legegintzaldian onartutako arauak burutu egin dira, etxebizitzen gaiari dagokionez, eta hemendik aurrera, iristen diren gauzei aurre egiten jarraitu beharko genuke. Orokorrean balorazio ona egin daiteke.

2–Neronek ez nekien ziur zer egin. Alde batetik nekatuta nengoen, baina jende gutxik izena eman zuela ikusita, parte hartzera animatu nintzen. Norbaitek egin behar du lan hori eta baiezkoa erabaki nuen.

3–Hiru pertsona berri egongo dira Udalean eta lehendabiziko gauza elkarrekin eseri eta zer egin erabakitzea izango da. Egiteko asko dago, baina ongi aztertu behar da zer egin daitekeen eta zer ez. Etxebizitzen gaiari dagokionez, nire ustez, denbora pixka bat behar du herriak asimilatzeko.

Adela Mendiola, hautagaia

1–Balorazio ona egiten dut. Gauza asko egin da, batzuk ondo eta beste batzuk agian ez hain ondo. Momentuak eskatzen zuena egiten joan gara. Udalean egoteak lan asko egitea eskatzen du eta guk ahal izan duguna egin dugu.

2–Zinegotzi izandako gehienek ez genekien berriro aurkeztu edo ez. Gogorra iruditu zitzaigun Udala guztiz berria izatea. Martxa hartzea kosta egiten da eta horrexegatik, lehendik geundenetatik hiruk, aurkeztea erabaki genuen.

3–Udala osatu behar aurrena. Lehendik kolokan dauden gauzei jarraipena eman beharko zaie eta egunero sortzen diren kontuei heldu beharko zaie. Herritarrei esango nieke parte hartzera animatzeko, bai bozka emateko garaian, bai ondoren ere. Bost pertsona jartzen gara Udalean, baina herritarren ardura ere bada herriko erabakietan parte hartzea.

Xabier Mujika, hautagaia

1–Herria hankaz gora egon da obren ondorioz. Etxebizitza berriak egiten ari ziren, eta Udala horretan zentratuta egon da, batez ere. Errepidean kamioi asko ibili da eta hori ez da erosoa.

Urte txarrak izan dira, baina ez udaletxean zegoen jendeagatik, horrela tokatu delako baizik.

2–Ni ez nintzen bolondres aurkeztu. Herriak aukeratu ninduen eta onartu egin dut. Herrian antolatzen diren gauzetan parte hartzea gustatzen zait eta herritarrek horregatik aukeratu nautela uste dut. Ni herriaren alde lan egiteko prest nago.

3– Udaletxeko martxa ikasi beharko dut lehendabizi. Gero, kultur etxea berriaren ustiaketa landu beharko da. Bizilagun berriek zerbitzu gehiago eskatuko dutela uste dugu eta horren inguruan lan egin beharko dugu, lanerako prest nago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!