Lorpen historikotzat har daiteke Foru Aldundiak atzo erabakitakoa. Izan ere, Andoaingo lurrak zeharkatuko dituen N1 errepidea eraikitzeko proposamen berriak kontutan hartu ahal izango dira.
Foru Aldundiak azterketa sakon berria egitea eskatu du eta horrek berarekin "hutsetik" hastea dakar. Besteak beste, azterketa hori iritzi publikoari erakutsi beharko zaio nahi duen orok alegazioak aurkez ditzan.
Andoaingo Udalak azken garaian gai honen inguruan erakutsitako kontsentsu bera erakusteko aukera paregabea dauka.
EAJk mozioa aurkeztu zuen gaiaren inguruan baina mahai gainean uztea onartu zuen, Gabarain alkateak egindako eskaerari erantzunez. Zentzu horretan, alkateak, Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak erabakitakoa eta irekitzen diren aukera berriak aztertzeko dagokion batzordean eztabaidatzeko proposamena egin zuen.
Lorpen honen inguruko merituei dagokionez, EAJ-k hein handi batean berea dela adierazi zuen prentsa ohar bidez. Gabarain alkateak, berriz, batzarraldian adierazi zuen "herriko elkarteen, alderdi politikoen eta Udalaren garaipena da". Ildo berean, EAko Xabier Huitzik zera gaineratu zuen, "Ez da dominak zintzilikatzeko unea. Denok egin dugu zerbait baina lanik gehiena herri elkarteena izan da. Haiek eraginda egin dugu guk lan".
Udalak hilabete gutxi INJELAN enpresari Andoaingo herriaren interesak defendatzeko eskatu dion azterlanak berebiziko garrantzia hartzen du. Herriaren interesak defendatuko dituen argudioak lantzeko 33.600 euro bideratuko dira azterlan horretan.