Ekitaldiak interes handia sortu zuen herritarren artean, beraz, Aiurrin aipatutako "arrakastaren bidean" adierazpena errealitate hutsa da. Liburuaren salmentak hasiera ona izan du.
Ekitaldian hizlari lanetan aritu ziren Bakartxo Tejeria herriko alkatea, Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakaria eta Ainhoa Arozena liburuaren egilea Eba Garzia diseinatzailearekin batera. Aurkezle lanetan, Igotz Alkorta irrati esataria eta Aiurriko kazetaria.
MAIATZAREN 15ETIK AURRERA SALGAI
Ondorengo saltokietan erosi ahal izango da liburua:
- Amasa: Iturrigoxo.
- Villabona: Kazetaria, Basajaun eta Mirari liburudendak.
- Zizurkil: Larramendi Bazkunaren egoitza (Karidade-enea etxea. Bulandegi bidea 23) eta Zubiondo liburudenda.
- Andoain eta Urnieta: Aiurriko egoitzatan.
PREZIO EZBERDINAK
- 30 euroko prezioan salgai izango da. Liburudendetan nahiz Iturrigoxon salneurri bera izango da denentzat.
- Aiurri aldizkariaren harpidedunek bost euroko beherapena izango dute, baldin eta Bazkunaren edota Aiurriren egoitzan erosten badute: 25 euro.
- Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kideek ere beherapena izango dute, Bazkunaren egoitzan erosiz gero: 20 euro.
Hilabetetako lanaren ondoren, hamar sailetan banaturik, kalean da 504 orrialdeko lana: ikuspegiak, herritarrak, eskola, erlijioa, bizimodua, gizartea, jai-giroa, lagunartea, kirola eta atzerria. Gai horiekin lotutako ia 500 argazki aurki daitezke orrietan zehar. Kalean da dagoeneko, nahi duen ororen eskura.
Agur Pako, Agur Joxe
Amasar eta villabonatar askok hartu du parte liburuaren osaketan. Zalantzarik gabe, herritarren borondate on eta laguntzari esker osatu da liburua eta eskerrak eman zitzaizkien aurkezpenean guztiei. Pako Etxenike eta Joxe Ugartemendia zendu berriak izan ziren gogoan bereziki. Amasa eta Villabonako iragana gogoratzen eskaini zuten laguntzagatik. Aurkezpenean, liburuko hainbat argazki pantailan ikusteko aukera ere izan zen.
Beste garai bat zen hura, beste bizimodu bat…, eta nork esango zuen Amasan eta Villabonan hainbesterainoko bizitza zegoenik joan zen mende hasiera hartan!
Garai hura ezagutzeko aukera eskaintzen du liburuak.