Karmele Jaio gasteiztarrak idatzitako Amaren eskuak eleberriak jaso du 2006 urteko Beterriko Liburua literatur izendapena.
Elkar argitaletxearen eskutik kaleratutako liburuaren alde egin dute irakurle gehienek. Joan zen maiatzaren 10ean, Larraulen izan zen ekitaldia eta bertara hurbildu zen idazle saritua. Aurtengoan, emakumeak izan dira zerrendaren lehen postuetan ibili direnak; Irati Jimenezen Bat, bi Manchester liburua geratu baita bigarren postuan. Karmeleren lana gertuko egin zaio irakurleari; zalantzarik gabe sentimendu handiz idatzitako lana da, sentsibilitatez betea. Epaimahaiak adierazi duenez, “hizkuntza argi eta freskoa darabil, ulerterraza, konturatzerako irakurlea liburuaren amaierara daramana. Kasu honetan, ordea, erraza adjektiboak ez dakar berarekin sinpletasuna, idazleak hizkuntza ulerterraz hori metafora, konparazio eta beste hainbat literatur baliabiderekin jantzi baitu”. Ama-alaben arteko erlazioa dela eta, idazleak irakurle askorengana iristea lortu duela uste du epaimahaiak, “sentimenduak lehen planoan jarri ditu Jaiok, eta horrek oso hurbileko bilakatu du liburua irakurle askorentzat”. Lan intimoa dela ere aipatu zen Larraulen, baina era berean, intrigari hasiera-hasieratik eusten diona.
Eskerroneko hitzak
Aipamen ekitaldian Karmele Jaiok esker oneko hitzak izan zituen. Pako Aristik eta Mikel Markezek jarri zuten doinua.