Ezkontza bat ospatzetik ateratzen ari zirenean gertatu zen istripua. Zumarragako bi gizonezko Peugeot 206 auto batek jo zituen eta bertan hil ziren. Zumarragako 60 eta 61 urteko bi gizonezko dira hildakoak.
Gaueko 23:00 inguruan izan zen istripua. Gonbidatuak jatetxetik atera eta errepidearen beste aldean aparkaturik zeuden autobusetara joan ziren oinez. Errepidea gurutzatzeko momentuan, Asteasu aldera zihoan autoak harrapatu zituen bi gizonezkoak eta bertan hil ziren. Urduritasuna eta tristura nagusitu zen ezkontzako gonbidatuen artean eta batzuek, sendagileen laguntza ere behar izan zuten. Errepidea guztiz moztuta egon zen bi ordu inguruz.
Ez da errepide horretan gertatzen den lehen ezbeharra. Duela urte batzuk jatetxeko aparkalekutik irteten ari zen auto batek motorzale alkizar bat jo zuen eta bertan hil zen. Askotan eskatu izan dira istripuak ekiditeko neurriak errepide honetarako. Autoei abiadura jaitsi araziko dien biribilgune baten beharra aipatu du batek baino gehiagok.