Igandean, Andatza Eguna

Andatza mendia Zizurkil eta Usurbilgo lurretan kokatuta dagoenez, azken urteotan Andatza Eguneko antolaketa lanak ere bi herrien artean egiten dira. Herriko mendi kuttunera igo nahi dutenek egun osoa izango dute, baina festak goizean izango du hitzordu nagusia.

Ohi bezala, Andatzara hurbiltzen diren guztiak hamaiketako ederraz gozatzeko aukera izango dute. Indarrak berdindu ondoren, herri kirol saioak ikusteko aukera izango da. Ez hori bakarrik. Bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute eguerdia. Eta nahi izanez gero, bertan bazkaltzeko aukera izango da. Baina bazkaria norberak eraman behar du. Kafea eta kopa, ordea, antolatzaileek banatuko dute.

Egitaraua, maiatzak 6 igandea
11:00etan: Hamaiketakoa (salda, txorizoa, haragi egosia eta edaria).
12:00etan: Herri kirol eta jokoak haurrentzat eta helduentzat.
14:00etan: Bazkaria (norberak berea eramanda). Kafea eta kopa banatuko dira.
Goizean zehar, erromeria: trikitilari eta bertsolariak.
Antolatzaileak: Zizurkilgo Ziotza Elkartea, Usurbilgo Andatza Mendi Elkartea, Zizurkilgo Udala eta Usurbilgo Udala.

Mendi martxa, “Erraustegirik ez” lemapean
Andatza Eguna aprobetxatuz, Usurbil Bizirik plataformak mendi martxa antolatu du. Usurbildik abiatuko den mendi martxa, frontoi atzetik aterako da maiatzaren 6an, goizeko 9:00etan. Izan ere, Lasarte-Oriatik beste zutabe bat aterako baita. 8:30ean aterako dira Lasarte-Oriatik eta Zubietara 9:00etan iritsiko dira. Handik Artzabaletara joko dute eta Usurbilgo mendizaleekin bilduko dira. Denak elkarrekin erraustegiaren kokalekuraino igoko dira eta bertan informazio gune bat  aurkituko dute. Eguerdirako, Andatzara igoko dira, Andatza Eguna ospatzera. Zubieta Lantzen eta Lasarte-Oria Bizirik plataformek ere bat egin dute ekimen honekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!