Maiatza osoan zehar, zizurkildarrek gogoan izango dute herriko seme kuttuna.
Bere garairako aurreratua
Pedro Mari Otaño bere garairako bertsolari aurreratua izan zen. Bertsolari jantzia zen zizurkildarra, goi mailako literatura erdietsi zuena bere bertso sorten bitartez. Otañoren bertso sorta ezagunenetako bat Txepetxarena da, eta hain zuzen bazuten Txepetxak eta Otañok lotura bat. Txepetxa ez da kantari ona eta Otaño ere ez zen. Eztarri txarra zuen eta kantuan hasi orduko eztulak jo ohi zuen sarri. Horregatik jarri zioten “Katarro” ezizena. Agian, horrek eta herritik alde egin beharrak bultzatu zuten barnetik idaztera, bihotzez hausnartzera, eta utzi dizkigun bertsoen modukoak uztera.
Bere bizitzan zehar hiru aldiz joan zen Ameriketara Otaño, azken aldiz 1898an. Orduko hartan Txirrita eta beste hainbat bertsolari handi joan zitzaizkion agur egitera. Bere bertsotan Zizurkilen hezurrak uzteko asmoa adierazi bazuen ere, Argentinan hil zen 1910ean, 52 urte zituela. Itxura denez, Euskal Herrira itzultzear zebilen garai horretan, baina istripu batek, etxeko eskaileretan erorita hartu zuen golpeak, ekarri zion heriotza.
Lan ugari
Otañoren bertso sorta ugari dira aipagarriak, baina ezin ahaztu zizurkildarrak opera bat ere egin zuela, Artzai Mutila izenekoa. Opera hau 1906an estrenatu zen Buenos Airesen, eta lehenengoetako euskal opera gisa har daiteke. Honez gain, esan bezala bertso sorta aipagarri ugari utzi dizkigu. Limosnatxo bat izeneko sorta ezagunean amaiera bera erabiltzen du bertso guztietan, garai horretarako teknika guztiz berria zen hori. Amaiera bera erabili arren, indar handiko bertsoak egitea lortzen du, gainera. Naturaganako maitasuna ere bikain islatzen da bere lanetan. Txepetxarena da adibide bat, baina baita Ameriketako Panpetan bertso sorta ere. Sorta honetan, izadiaz gain herriminaz hitz egiten du, bere hainbat bertso sorten iturri izango den mina, hain zuzen. Hona azken bertsoa, txabola ondoan duen Ombuari hitz egiten dio Otañok:
Nere lagunik maitatuena
ombu laztana, zu zera,
hargatik nator zure kolkora,
ni malkuak isurtzera,
iduriturik naramazula
atariko intxaurpera…
Beti izango zaitut gogoan,
bainan joan nahi det ostera
euskal lurreko arbolpe hartan
nere hezurrak uztera.
Hauek aipatzea merezi duten batzuk, baina askoz gehiago dira zizurkildar honek maisuki egindako bertso eta olerkiak, hurrengo orrian duzuen Zazpiak Bat izenekoa edo Amari eskainitakoak, besteak beste. Bertsolari handi honen lanaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, bidelagun ezin hobea da Antonio Zabalak idatzitako Bertso Guziak liburua, Auspoa sailaren baitan 1994an argitaratua.
Maiatzean Otaño gogoan
Maiatza Saltsan ekimenak Otaño gogoan izango du aurten. Horrela, bertso saio, afari, erakusketa, hitzaldi eta beste hainbat ekintza izango dira zizurkildar ospetsuena oroitzeko.