Asier Gallego, onenen artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko api. 27a, 16:17

Zizurkildar gaztea hirugarren geratu da igaro berri den estatuko txapelketan. Hamar urte eta 40 kilorekin, kirol honetako onenen artean dago Danena-Olaederra halterofilia taldeko kidea.

Noiztik ari zara halterofilian?
Asier Gallego:
Orain dela bi urte hasi nintzen. Ni, orduan Judon ibiltzen nintzen eta judo ematen genuen gelaren ondoan zegoen halterofiliako gimnasioa. Gimnasio horrek erakarrita hasi nintzen begiratzen, halterofilia zer zen probatu nuen eta gustatu egin zitzaidan.

Bi urte hauetan,  zer emaitza lortu dituzu?
A.G:
Emaitza onak izan dira. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan lehenengoa izan naiz. Hori bakarka, taldeka ere konpetitzen dugu eta hor ere emaitza onak atera ditugu.

Zenbat aldiz entrenatzen duzue astean?
A.G:
Estatuko txapelketarako bi aldiz entrenatzen aritu ginen, baina normalean astean behin entrenatzen dugu, astelehenetan.  Luzaketa batzuk egiten ditugu eta gero altxaldiak lantzen ditugu. Bi altxaldi mota daude, arrankadan eta bi denboratan. Arrankadan golpe batean goraino jaso behar dituzu pesak, eta bi denboratan denean berriz, lehenik lepo ingururaino jasotzen da eta gero bi eskuak erabat luzatu arte. Nik, bi denboratakoa dut gustokoen.

Espainiako txapelketan sartuta, zer moduzko esperientzia?
A.G:
Esperientzia ona izan da. Madrilen jokatu zen txapelketa eta Danenatik sei lagun joan ginen, infantilak arteko txapelketa zen. Ni, nire adinekoen artean hirugarren geratu nintzen, brontzezko domina lortuz. Iaz ere parte hartu nuen estatuko txapelketan eta hirugarren geratu nintzen.

Zein da zure errekorra?
A.G: 
32 kilo bi denboratan, eta 25 arrankadan. Hala ere, aipatu behar da txapelketan ez dela jasotzen duzuna soilik kontutan hartzen, teknika ere baloratzen da. Beraz, teknika ere landu behar da.

Beste kirolik egiten al duzu?
A.G: 
Bai, esku pilotan ere aritzen naiz. Pilota gehiago gustatzen zait baina uste dut halterofilian hobea naizela. Momentuz behintzat, halterofilian jarraitu nahi nuke.

Zer espero duzu halterofilia munduan?
A.G: 
Ez dakit, ez daukat helburu handirik. Esaterako, gustatuko litzaidake estatuko txapelketa irabaztea, baina oso zaila da.

Juniorrak ere bikain
Danena Olaederrako gaztetxoek estatuko txapelketa ona egin bazuten ere, Juniorrak ere ez dira atzera geratu. Taldekako euskadiko txapelketa jokatu zen joan den hilaren amaieran, eta Gipuzkoako taldekoak nagusi izan ziren. Iker Hernandez, Jon Lopez, Igor Sasiain, Anjel Martin, Jon Ander Iriarte eta Teddy Martinezek osatzen zuten Gipuzkoako seikotea, guztiak Danena Olaederra taldekoak. Teddy Martinezek gainera, Euskadiko errekor berria jarri zuen. Pisu guztien batuketan 305 kilo jaso zituen Martinezek, 135 kilo arrankadan eta 170 kilo bi denboratan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!