Aitarekin hasi zen xakean ikasten. “Mugimenduak aitak erakutsi zizkidan. Ondoren jakin nuen, eskolaz kanpoko ekintza bezala egiteko aukera nuela Asteasun eta animatu egin nintzen. Lehen jokaldiak ikasteko aukera izan nuen. Urte horretan Tolosaldeko Xake Txapelketa irabazi nuen, Benjamin mailan. Asteasuko Gaizka Iruretagoienarekin puntutara berdindu nuen txapelketa hartan. Aurten ere parte hartu dut txapelketan, alebin mailan. Bigarren postuan geratu naiz, irabazlearengandik puntu bakarrera. Gustora geratu naiz. Gainera, Gipuzkoako txapelketako finalera joateko txartela eman dit postu horrek. Duela gutxi Usabal kiroldegian egindako kirol egunean ere parte hartu nuen. Xakean jokatzeko modu asko eskaintzen zituzten bertan, baita xake birtuala ere. Nik ordea, ohiko txapelketan parte hartu nuen”, azaldu du Mikelek.
Erlojuaren aurka aritzen dira jokatzen. “Askotan, ordulariak erabakitzen du nork irabazi duen partida. Batek mugimendua egiten duenean, bestearen erlojua jartzen da martxan eta denbora amaitu aurretik egin beharra dauka mugimendua”, dio Mikelek.
Asteasuko xake ikastaroa amaitu zen eta geroztik Tolosara joaten da Mikel. Larunbata arratsaldetan eta igande goizetan Urdina-txiki taldeko kideekin aritzen da xakean. “Eskolan jarraitzeko aukera bukatu zenean, Tolosara joaten hasi nintzen. Lagun asko egin ditut xakea dela eta. Inguruko herrietako jendearekin aritzen naiz eta jende asko ezagutzeko aukera izan dut”, dio Mikelek.
Xakearen zailtasunaz
“Behin xakea ulertzen duzunean, ez da joku zaila. Pentsatu egin behar da, baina ez da zaila. Tolosan egiten ditudan saioez gain, etxean ere aritzen naiz, aitaren aurka. Ordenagailu bidezko xake jokoa badut eta liburuak ere bai. Pixkanaka, gehitzen doan zerbait da, geroz eta jokaldi eta teknika gehiago ikasten zoaz pixkanaka. Hasieran, esaterako, ez nuen aitaren aurka irabaztea lortzen, orain berriz bai”, azaldu du.
Lehian dabilen asteasuar bakarra da Mikel. “Anoetan, Amasa-Villabonan, Tolosan..., herri horietan jende gehiago dabil, baina Asteasun bakarra naiz, nik dakidala. Eskolaz kanpoko jarduera jarri zuten lehen urtean, talde polita sortu zen, baina geroz eta jende gutxiago animatzen zen eta azkenik, bertan behera utzi behar izan zuten”, azaldu du.
Aurrera jarraitzeko gogoz ageri da Mikel: “Gustora nabil Tolosan. Orain alebin mailan ari naiz eta datorren urtean ere maila berean lehiatuko naiz. Txapelketatan parte hartzen jarraitzeko asmoa ere badut”.